Chacabuco, Argentina. Argentinako euskal etxeetako muslariak buru-belarri ari dira euren partida eta txepelketetan, gogotik batere kendu gabe Macachinen irailaren 27tik urriaren 5era jokatuko den Euskal Gizataldeen Munduko Mus Txapelketa. Abuztuaren 9an, 28 muslari bikote bildu ziren Chacabucon Eskualdeko Txapelketan parte hartzeko. Guillermo Larregui Euskal Etxea anfitrioi, topaketa, arrakastatsua izan zen eta agerian utzi zituen euskal jatorriko joko eta tradizio maitatu honek gure Diasporan dauzkan sustrai sakonak.
Euskal Etxe chacabucotarraren izenean Cristina Jaca lehendakariak eman zien ongietorria partaide guztiei, eta Pablo Pavesa mus arloko arduradunak jendaurretu zituen hasi aurreko hitzak. Saioak goizeko 9etan hasi eta 19:30ak arte luzatu ziren, bazkaltzeko etenaldi labur batekin. EEko muslari, dantzari eta Zuzendaritza Batzordeko kideek prestatu eta zerbitzatutako tripakiak dastatu zituzten jokalariek bazkaltzeko. Ordezkatuta egon ziren Juningo Arbola Bat, Cañuelaseko Denak Bat, Pergaminoko Lagun Onak, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak, Chivilcoyko Beti Aurrera eta Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxeak. Lehiatzearekin batera, ekitaldiak euskal etxeen arteko harremanak sendotzeko aukera ederra ekarri zien bertaratutako lagunei.
Izen bereko aita-semeak txapeldun
Emaitzen alorrean, Bragadoko Felipe Finger aitak eta Felipe Finger semeak osatutako bikoteak erdietsi zuen txapela, Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxearen izenean. Txapeldunorde titulua Juningo Arbola Bat Euskal Etxeko Juan Carlos Caniggiak eta Mariano Iribarne munduko txapeldunak osatutako bikoteari egokitu zitzaion. Podioa etxekoek osatu zuten: Romina Nicodemo eta Pablo Pavesak hirugarren postua lortu zuten eta laugarrena, Juningo Enrique Jaime eta Eduardo Faddak. Zalantzarik ez da mus jarduerak indartsu jarraitzen duela. Hurrengo hitzordua irailaren 13an, Juninen, bertako Euskal Etxeak antolatutako txapelketan.