Montreal, Quebec. Gorri, berde eta zuriz jantziko da aurten ere Montreal hiriko Le Ber parkea ‘Euskaldunak Quebec’ Euskal Etxearen urteroko jaialdiaren egoitza bilakatuta. Euskal Bestak Quebec-eko euskal gizataldeak eskualdean historikoki izan duen eta egun ere daukan presentzia agerian uztea du helburu nagusi eta hori egitearren, elkarteak urtean zehar garatzen dituen ekintzen ‘collagea’ ari dira prestatzen euskal etxea, Besta herritarrei eskaintzen dizkien proposamenen erakuslehio bihurtuz.
Eguneko programa goizeko 9etan hasiko da Wallball Txapelketako lehenengo partidekin. Norgehiagoka elkarlanean antolatu dute Euskal Etxeak eta Montrealeko WallBall klubak. 11etan, Mus Tailerra eskainiko dute hasiberrientzat eta partidak ere antolatuko dituzte jokoan eskarmendua dutenentzat. 12etan, dantzen momentua heldu da: Euskal Etxean klasikoa den Apero Mutxikoak-ekin: dantza biribil partehartzaileak, lagunekin aperitifa eta tragua partekatzearekin uztatuta.
Eguerdi aldera, EEko Didier sukaldariak prestatutako bazkaria partekatuko dute bildutakoek. Menua: tortilla urdaiazpikoarekin, oilasko errea "euskal saltsa" eta arrozarekin, ardi gasna eta euskal pastela. Arratsaldeko 3:30etan haurrentzako jolasak antolatuko dira eta 4etan, amaiera ederra emango diote jaiegunari Wallball Txapelketaren finalarekin.
Montrealeko Euskal Besta irailaren 6an izango da eta parte hartzeko link honetan behar da eman izena.
Deia bolondresei
Ez da batere erraza Euskal Etxe batentzat jai bat antolatzea batez ere bere egoitzatik kanpo eta jendetsua uzateko asmoarekin egiten denean. Kari horretara, Euskaldunak Quebec-ko Batzordea boluntario bila dabil “prestaketan, antolaketan eta animazioan laguntzeko”.
Profil denak ongietorriak direla azpimarratzen dute eta gonbidatzen dute “giro ona, tradizioak eta une politak” gustuko dituenak beraiekin kontaktatzeko info@euskaldunakquebec.ca helbidean.
Euskaldunak Quebec Instagramen, euskaldunak_quebec