Bakersfield, Kalifornia, AEB. Deialdia luzatu dute AEB Mendebaldeko Baztan Haran nafarrean jaiotakoek eta euren ondorengo Kalifornian sortutakoek, bazkari baten inguruan bildu eta elkarrekin egun goxo bat pasatzeko. Datorren azaroaren 1ean izango da eta aspaldi ikusi gabeak agurtu, bertaratutakoak elkarrekin solastu eta elkarren berri izateko aukera izatea besterik ez da ekimenaren helburua. Baztandar asko dago munduan barreiatuta, AEB eta Kalifornian hasteko, baina baita ere, esaterako, Mexikon, Txilen eta beste hainbat lekutan. Ipar Amerikan bertan, famatuak dira Mexikoko baztandarrek urtero Mexiko Hiriko Euskal Etxean antolatzen duten 'Baztan Eguna', jatorri honetako euskaldunak kopuru esanguratsua baitira EEko bazkideen artean. Estatu Batuetan ere, sarritan eratu izan dira bailara edo eskualdeka bertara emigratutakoen eta euren familien egunpasak, Erroibarkoenak, esaterako. Diasporan, baina baita Euskal Herrian ere. Amerikanuek, bildu eta euren esperientzia amerikarra elkarrekiko solasgai eta lokarri izan dituzten bazkari eta elkarretaratze asko egin izan dira Euskal Herriko txoko guztietan, Nafarroa eta Nafarroa Beeherean bereziki.
Kasu honetan, eta garaiz ari dira abisatzen (zabaldu mesedez berria baztandarrik ezagutzen baduzu inguruan etortzeko asmoa izan dezakeenik), proposamena Bakersfield-en biltzekoa da, azaroaren 1ean, nafar emigranteen jomuga izan ziren Kaliforniako barne haranetan. Lekua, Wool Growerseuskal ostatua, bertako nafar eta euskal hitsoriari eraat lotutako leku erreferentea, jabe, langile eta bezeroen artean Nafarroa Garai eta Beherekoak ugari izan dituena eta dituena. Eta hitzordu honen antolatzaile, Kalifornian baztandarren alaba diren bi emakume euskal komunitatean engaiatu eta ezagunak. Izena emateko, jo (mesedez, urriaren 18a baino lehen) eurengana: Idoya Urruty (iurruty@yahoo.com edo 415-999-4007) edo Maite Maisterrenarengana (m_maisterrena@hotmail.com edo 909-240-5159). Baita argibide gehiago nahi baduzu ere.