euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Basques in Australia" erakusketa aldi berean inauguratuko dute zapatuan Australian, eta astelehenean Bilbon

2025/08/26

Erakusketa duela hamar egun Townsvillen eta ondoko bi lekuetako afixak, abuztuaren 30ekoa, Ingham-en, eta irailaren 1ekoa, Bilbon
Erakusketa duela hamar egun Townsvillen eta ondoko bi lekuetako afixak, abuztuaren 30ekoa, Ingham-en, eta irailaren 1ekoa, Bilbon

PUBLIZITATEA

Bilbo, Bizkaia. Australiako euskaldunei buruzko "Basques in Australia" erakusketa ia aldi berean inauguratuko dute datorren larunbatean, abuztuaren 30ean, Australiako Ingham-en, eta astelehenean, irailaren 1ean, Bilbon. Ez dago, baina, tartean ubikuitate konturik, erakusketa beraren bi kopia edo bertsio baizik. Gogora dezagun Australian abuztuaren 17an hasi zuela erakusketak bere ibilbidea Townsvillen, North Queensland Basque Club euskal etxearen eskutik, eta bertan egon zela ikusgai joan den larunbatera arte. Inaugurazio ekitaldi ederra bizi izan zuten, hiriko alkatea bera partaide, eta ixteko bezperan ere, abuztuaren 22an, 'Wine and Cheese' ekitaldia egin zuen euskal komunitateak bertan eta zalantzarik ez da komunitatea bera eta bertaratu ziren ikusleak loriatu zirela bertako euskaldunen historia euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesezko 10 panel horietan islatuta ikusita, hainbat eta hainbat argazki lagun eta ilustragarri.

Townsvillen joan den larunbatera arte egon ondoren, euskal australiarren emigrazioari lotutako beste puntu batera aldatuko dute orain, eta datorren larunbatean Ingham-en zabalduko ditu ateak, Hinchinbrook Shire Council Library-n (TYTO Events and Conference Centre, 73-75 McIlwraith St), astebetez, irailaren 6ra arte. Parte hartzeko asmoa dutenei eskatzen zaie baieztatzea mesedez euren partaidetza basqueclubofnq@hotmail.com helbidean), catering eta logistika kontuetarako. Irekiera ekitaldia goizeko 9:30etatik 12ak arte egingo da. Bertatik, Ayr-era pasatuko da, irailaren 28tik urriaren 10era, bisitagai egoteko Masonic Club eta Burdekin Theatre-n. Datorren urtean Sydneyra iritsiko da seguruenik, bertako Gure Txoko Euskal Etxea lankide. Sarrera beti ere libre eta doan.

Bilbon, irailaren 1etik abenduaren 19ra

Bitartean, Bilbon, erakusketak datorren astelehenean, irailaren 1ean, zabalduko ditu ateak, ExpoDistritoren baitan, eta hemen ere ibiltari ibiliko da, La Bolsa, Errekalde, Begoña, San Ignazio-Ibarrekolanda eta Abandoko udaltegietan barrena. Abenduaren 12an, bisita gidatu bat egiteko aukera izango da, 19etan, Abandoko Udaltegian. Erakusketako azalpenean esaten duena bilduz, "Erakusketa hau osatzen duten 10 paneletako bakoitzean gai bat garatzen da, non irudi bakoitzak, izen bakoitzak, leku bakoitzak Australiara emigratu zuten gizon eta emakumeen historia komun eta aldi berean berezi horren zati bat irudikatzen duen. Bizitza baten zatiak. Komunitate honen oroimenean, identitatean eta bizipenetan egin den ibilbide bisuala eta emozionala. Nahiko ezezaguna den diaspora honen giza eta kultur ondareari balioa ematen zaio erakusketa honen bidez, haien pasadizoak eta istorioak publikori hurbilduz". Kronograma:

  • Irailaren 1etik 12ra La Bolsa Udaltegia
  • Irailaren 16tik 30era Errekalde Udaltegia
  • Urriaren 17tik 30era Begoña Udaltegia
  • Azaroaren 3tik abenduaren 4ra San Ignazio-Ibarrekolanda Udaltegia
  • Abenduaren 9tik 10ra Abando Udaltegia

Erakusketa hau Euskal Australiar Alkartearen, Eusko Jaurlaritzaren (Kanpoan den Euskal Komunitatearen Zuzendaritza) eta tokiko euskal etxe eta udalen lankidetzari esker ari da ibiltari Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. Australian, North Queenland Basque Club eta Gure Txoko Basque Club lagun. Panelen itzultzaile, John Etxeandia. Erakusketako komisario, Esther Korta. Interesa baduzu erakusketa zurean errezibitzeko, aski duzu idaztea euskalaustraliaralkartea@gmail.com helbidera edo Esther Kortarekin kontaktatzea (+34) 636 132 739 zenbakian. Erraztasun guztiak ematen dituzte. Animatzen galdetzera?



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia