Elko, Nevada, AEB. "More than sheepherders, the American Basques of Elko County, Nevada" (Artzainak baino gehiago, Nevadako Elko konderriko euskal amerikarrak) da Joxe Mallea-Olaetxe historialariak argitara eman duen azken titutlua. Izenburuaren ondoan darama "Jess Lopateguiren laguntzarekin" eta "Anita Anacabe Franzoiaren eta Mercedes Mendiveren ekarpenekin" hezurmamitu duen liburua dela, Nevada-Reno Unibertsitateko (UNR) Argitalpen Zerbitzuak argitara emana. Munitibarren (Bizkaia) jaioa, Nevadan bizi da 1960ko hamarkadatik hona Joxe Mallea, UNRko Historian doktoregoa 1988tik. Familia euskal-amerikar eta euskaldun bateko aita eta aitona da. Euskal Herritik etorri zenetik ezagutu zuen Elko eta orain, lehen eskuko ezagutza horrekin, eta hainbat elkarrizketa eta ikerlan lagun, Nevadako hiri eta konderri honetako euskal emigrazio eta presentziaren historiaz eta egungo egoeraz urrats berria eman eta dokumentazio lan hori baliatuz osatu du aurten aurkezten duen liburua.
Elko eskualde honetan, Altube anaiek (familia Argentinako emigrazioari ere lotua, esaterako Buenos Aires probintziako José C. Paz herriaren sortzaile izan zen José Vicente Altuberekin) eta Garat familiak arrantxo mitikoak sortu zituzten 1870eko hamarkadaren hasieran, izan ere gaur egun Elkoko ondarearen eta ohituren parte izan diren eta egun ere diren euskal tradizio eta kulturen oinarriak ezarriz. Joxe K. Mallea-Olaetxek 1970etik aurrerako hamarkadan oinarritutako ikerketa moderno bat aurkezten du, erretiratutako artzain eta haien familiak inguruko gutxiengo amerikarizatu nagusia bihurtu zirenean, Elkon Uztailaren Lauko Euskal Jaialdi Nazionalaren oihartzuna hedatzen hasi zenean, milaka bisitari erakartzen hasiz, dagoeneko Nevadako euskal biztanle hauen ohitura biziak bertakotuta.
Liburuak AEB Mendebaldeko egungo euskaldunen tokia aztertzen du. Horretan laguntzaile izan du liburuan Bizkaiko Muxikan jaiotako Jesus "Jess" Lopategui —Jon Lopategi bertsolariaren anaia, Jess 1957an Elkora emigratu, euskal estatubatuar batekin ezkondu eta bertako bizitzan integratu zen— eta kolaboratzaile izan ditu ere, hurrenez hurren, bertan jaiotako bi euskal emakume, Anita Anacabe Franzoia eta Mercedes Mendive, biak izen aktiboak oso Elkoko euskal zein ez-euskal munduetan, lehenengoa Anacabe's Elko General Merchandise erreferentziazko euskal dendaren jabe, besteak beste, eta bigarrena, musikari eta akordeoi-jotzaile gisa Elkon urtean zehar egiten diren hamaika festa eta elkarretaratzetan, izan Euskal Etxean, herriko euskal jatetxeren batean, udal frontoian, edo herriko kaleetan barrena antolatutako euskal-amerikar bilkuretan.
Liburua argitaletxean bertan eros dezkezuedo, besteak beste, Amazon bidez.