euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara klaseei eusteko hitzarmena, pintxo lehiaketa eta omenaldiak Txileko Euskal Gizataldea EEaren urte hasieran

2026/02/17

'Txileko Euskal Gizatalde'ko Rossana Arza lehendakaria, July Zabala lehendakariordea eta Estrella Aguirre diruzaina Kinku Zinkunegirekin bildu ziren euskara eskolekin jarraitzeko 2026ko hitzarmena sinatzera
'Txileko Euskal Gizatalde'ko Rossana Arza lehendakaria, July Zabala lehendakariordea eta Estrella Aguirre diruzaina Kinku Zinkunegirekin bildu ziren euskara eskolekin jarraitzeko 2026ko hitzarmena sinatzera

PUBLIZITATEA

Santiago, Txile. Uda bete betean egon arren, mugimendu handiko asteak bizi izan dituzte Santiagon Txileko Euskal Gizataldea elkarteko lagunek urtarrilean. Izan ere, abenduan burutu ezin izan zituzten Pintxo Lehiaketa eta Euskararen Eguneko jaia urtarrilaren 11an ospatu eta topaketan bertan errekonozimendu berezia egin zieten eta biziarteko bazkide izendatu Carlos Caszely Garrido eta Manuela Urroz izen handiko kirolari txiletarrak.

Pintxo Lehiaketaren antolaketari dagokionez, goi mailako epaimahaia osatu ahal izan zuen Euskal Etxeak. Bertako partaide, Ignacio Torrontegui, Joaquín Somalo, Las Condesko Estadio Español-eko chefa den Javier Pedreros eta José Luis Pascual ‘La Cocina de Javier’ euskal jatetxeko arduraduna. Eurak bereganatu zuten saridunak hautatzeko ardura, eta hauek hautatu zituzten irabazle:

1. saria, Pablo Casanova Ponce de León
2. saria, Alejandra Negrete Arza (Carlos Negretek ordezkaturik)
3. saria, Elsa María Alastuei


Hautaketa gogorra izan arren oso ondo pasa zuten epaileek pintxo onenak aukeratzen

Euskal elkarte antolatzaileak jakinarazi du errezeta sarituak ‘Euskal Ahotsa’ euren aldizkariaren hurrengo zenbakian argitaratuko direla online.

Jende ugari bertaratu zen Euskararen Eguna ospatzea ere helburu ere izan zuen jaira. Bertaratutakoen artean, Carolina Ávila Euskadiren Txileko Ordezkaritzako arduradun instituzionala, Estadio Español-eko zuzendaria den Ignacio Torrontegui, Alfredo Calvo apaiza eta Estadio Españolean elkarlanean aritzen diren beste zenbait erakundetako agintariak. Omenaldiak eta pintxoek ez ezik, euskal dantza eta abestiek ere girotu zuten arratsaldea.


Euskal dantzariek urtean zehar prestatutako koreografiak aurkeztu zituzten


Euskal Etxeko abesbatzak ere eskaini zuen bere emanaldia jaialdian

2026ko euskara eskolak

Euskara eskolak eskaintzen jarraitzeko konpromisoa ere berritu zuen, bestalde, Txileko Euskal Gizataldea EEak joan den urtarrilean. Urtero bezala, Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen duen 'Euskara Munduan' programako arduradun Kinku Zinkunegi EEko batzordeko kideekin elkartu zen 2026ko plangintzaz hitz egin eta hitzarmena sinatzeko.

Ikasturtea noiz hasiko den eta Euskal Etxeak urtean zehar antolatuko duen ekitaldi programaren berri martxoaren 9an egingo den Batzar Nagausian jakinaraziko dute elkarteko kideek.

-Colectividad Vasca de Chile Facebook-en
-Colectividad Vasca de Chile Instagram-en



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia