Bordele, Frantzia. Kontent dira, urte hasiera ezin hobea izan baitu Bordaleko Euskal Etxeak, otsailaren 1ean 80tik gora bazkide bildu zituelarik Urteroko Biltzar Nagusian. Bileran zuzendaritza bozkatu eta batzorde berria hautatu zen. Bildutakoek ekitaldi programa zabala proposatu dute 2026rako, begiak luzatuz 2027raino, orduan euskal elkarte bordelesa 80. urte beteko baititu eta era egokian ospatu nahiko bailukete elkartekideek, besteak beste jai egitarau berezi bat ospaturik.
Karia horretara, EEko lehendakari segitzeko berriro ere hautatua izan zen Anne-Marie Pedoussaut; eta berarekin batera, Zuzendaritza Batzorde berriko kide dituen Yannick Linçoin lehendakariordea, Henri Letalon diruzaina, Eric Dospital idazkaria eta Anne Muchico idazkariordea. Eurak, bistan da, antolakuntza lanetan ibiliko dira baina aldi berean, deia luzatu diete Euskal Etxeko eta komunitateko kide guztiei, lankide eta partaide izan daitezen urteurreneko programa erabaki eta kudeatuko duten lan taldeekin. Idatzi, horretarako, marine.sartori@maisonbasque.org.
Musa, literatura eta zinema euskaraz... 1953tik Agour EEko aldizkaria da eta online ipini berria du bere azken zenbakia, 2026ko hasierari dagokiona
Izan ere, aurtengo egitarauari dagokionez, batetik, mus topaketek jarraituko dute, datozen egun hauetan, gainera, erronka polit bati begira, martxoaren 1ean, iluntzeko 8:30etatik aurrera, Etxeko muslariek Urteroko Mus Txapelketa jokatuko baitute. Lehiaketa, ohi bezala, Frantziako Txapelketarako sailkagarria izango da (gogoratu nazioartekoaren finala aurten Bilbon jokatuko dela). Izen-ematea aldez aurretik behar da egin, mus@maisonbasque.org helbidean.
Hiriko beste elkarte batzuekin batera lankidetzan ari da lanean proiektu zenbait proiektutan Bordaleko Euskal Etxea eta, ahalegin horretako parte, otsailaren 28an bat egingo du Akitaniako Museoan ospatuko duten ‘Gurasoen hizkuntzen eguna’rekin. Arratsaldeko 3etatik 5etara aktore profesionalek taularatuko dute "Binta, la rêveuse des mornes" (Binta, muinoetako ameslaria) ipuina frantsesez, kreoleraz eta euskaraz.
Museoak berak, RAHMI-k (Historiaren aktoreen sarea eta Inmigrazioaren Memoria) eta Institut des Afrikas delako erakundeak antolatuko duten ‘Migrazioak irudietan’ izeneko zinemaldian ere hartuko du parte Euskal Etxeak hiriko honako erakundeak lagun: Aliantza Frantsesa, Camões Institutua, Cervantes Institutua, Dante Alighieri Elkartea eta Yavné Kultur Gunea. Euskal ekarpena aurtengo zinemaldirako ‘Faisaien Irla’ pelikularen proiekzioa izango da. Hitzordua martxoaren 8an da, goizeko 11etan, Utopia Aretoan.
Bordeleko euskal gizataldearen informazio gehiago eskuratzeko, bisitatu webgunea. Besteak beste, Elkartearen ‘Agur’ aldizkariaren azken alea ere biltzen du irakurgai.
- Bordaleko Euskal Etxea Instagramen, maisonbasquedebordeaux

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


