euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

BEO elkarte euskaltzalea hedatzen ari da lagun eta ekimen berriekin: gaur bere online Zine Kluba estreinatuko du (I)

2025/05/20

Gaur estreinatuko du BEOk bere online Zinema Kluba, Fermin Muguruzaren "Nola?" izengo dela Zoom bidez pantailaratuko duten filma
Gaur estreinatuko du BEOk bere online Zinema Kluba, Fermin Muguruzaren "Nola?" izengo dela Zoom bidez pantailaratuko duten filma

PUBLIZITATEA

San Frantzisko, AEB. San Frantziskon egoitza duen BEO elkarte euskaltzale estatubatuarra hedatzen ari da, lagun eta ekimen berriekin: gaur bertan bere online Zine Kluba estreinatuko du, eta plazaratu berriak ditu bere laguntzaile, batzorde eta ekimen berriak, erakundea bizitzen ari den gogoeta eta garapen prozesuaren baitan. Gogora dezagun BEO (Basque Educational Organization) euskal kultura tradizional eta garaikidearekin engaiatutako elkarte euskaltzalea dela. Bere hastapenak SFOko euskal etxeei eta bertako kultura jende eta arloei loturik kokatzen dira. Bere bazkide eta laguntzaileen profila AEBn jaiotako euskal jatorri edo konexioko jendeek osatzen dute, euskal kulturari atxikiak; gure kulturaz duten ezagutza eta jakinmina, euren inguru ingeles hiztunean zabaltzeko konpromiso gogotsua hartu dute, eurentzat aberasgarri eta gozagarri den kultura hau, euren auzoko euskaldun eta ez-euskaldunekin partekatu eta haien eskuraga ipini nahirik.

Berritzaileak, langileak, proposatzaileak eta ekile engaiatuak dira, eta euren kideetako asko San Frantziskoko Euskal Etxeko (Basque Club of San Francisco) edota Gure Euskal Etxeko (Basque Cultural Center) kide eta kolaboratzaile ere badira, eta haiekin sinergian egiten dute lan, kultura izanik euren alorra. Gaur bertan, proposamen berri bat abiaraziko dute: online "BEO Movie Club" edo Zinema Kluba, Zoom bidez. Hautatu duten filma, Fermin Muguruzaren "Nola?" da, irundarraren "Irun Meets New Orleans" albumari lotua. Kaliforniako 17:30ean, Euskal Herrian asteazkeneko 02.30ak direnean. Zine Kluberako izena hemen eman daiteke.

Euskal filmak hautatzen dituzte, Euskal Herrian grabatuak edo euskaraz (ingeles azpitituluekin), euskal zuzendarienak edo euskal aktoreak dauzkatenak, edo euskaldunei edo euskara eta euskal kulturari modu batera edo bestera lotuak.

Baina gauza bertsua, online baita ere, liburuen arloan, normalean sei bat astero egiten dituzten "BEO Book Club"eko bilera birtualetan. Azkeneko bileran, maiatzaren 12an, Gabriel Urzaren "All That Followed" aztertu zuten, egilea ere partaide; eta aurrekoan konparazio, Julian Zabalbeascoa kaliforniarraren "What We Tried to Bury Grows Here", egilearekin baita ere. Orain, uztailaren 7an izango den ondokoan, Georgina Howard-en "In the Footsteps of Smuglers" komentatuko dute, Euskal Herrian kokatutako eleberria, egilea lagun. Liburu mota desberdinak, irakurle eta partaide mota guztiak bildu nahian.

Irakurle Klubari buruz galdetu diogu BEOko koordinatzaile den Anna Marie Etcheverry-ri, aita arnegitarra eta ama Lasa, Bidarrai eta Bankako erroduna zeukan kaliforniarrari. 2021eko urtarrilean hautatu zuten BEOko 'chairwoman' edo buruzagi. Estatu Batuetako zenabit lekuetako eta kanpoko partaide batzuk biltzen dituztela esan digu. Aldez aurretik adierazten dute hautatuko eleberri edo lanaren izenburua, eta jendearen iradokizunak onartu ohi dituzte. Normalean egilea bera ere bertan izaten dute entzule eta galderen erantzun-emaile. BEOko batzordekide Aline Izoco Elicagaray eta kolaboratzaile izateaz gain bera ere idazlea den Elizabette Guéçamburu-k kudeatzen dituzte saioak.

Gaur lehen saioa izango duen online Zinema Kluba, berriz, Nicholas Smith batzordekideak.

(segituko du)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia