Laprida, Argentina. "Cuando el arte fluye de las manos" (Artea eskuei dariela) izenburupean ekin dio Lapridako Lagunen Etxeak 2025eko bere Elkarrizketa Zikloari. Ekitaldia joan den larunbatean, maiatzaren 17an, egin zen eta María Elina Saint Martin (1937-2022) artista bisualaren figura ardatz hartuta izan zen. Solasaldiaz gain, bere lanen atzera begirako erakusketa ere bildu zen. Silvia Arias elkarrizketatzaile, gonbidatua eta galdekatua Mónica Saint Martin izan zen, omendua bezala artista, eta haren iloba. Jende ugari bildu zen, eta, amaieran, euskal gastronomia menu tipiko bat dastatu zuten bertaratutakoek Euskal Etxeko tabernan.
Komunitate osoak biziki maite zuen margolari, eskultore eta buztingile zen Maria Elina Saint Martin lapridatarra. Tartean arbasoen teknikak erabiltzen zituen Huidún zeramikarien taldeko kide izan zen; baita Lapridako Lorezaintza taldekoa ere; Ruka Taín taldekoa, zenbait herritako artistaren biltzaile Coronel Pringlesen biltzen zenetakoa, Maria Cristina Elorriaga mentore. Ibilbide kultural nabarmena izan zuen, eta bizitzan zehar elkarte eta talde ugari bultzatu eta partaide izan zen, eskuzabal lan eginez, antzezlanetarako eszenografiak egin zituen, banderak, erretratuak edo eskatzen ziotena pintatuz. Besteak beste Lapridako Euskal Etxeko jatorrizko armarria bere obra izan zen. Lagunen Etxean egindako elkarretaratze hau, bere lanarekiko aitortza eta bere pertsonarekiko omenaldi pertsonala izan zen.
Atzera begirako erakusketa inguruan, 60 pertsonak baino gehiagok omendu zuten Maria Elina Saint Martin
Gainezka zegoen areto baten aurrean, Lagunen Etxeko zuzendaritza batzordeko kide Eduardo Torry-k izan zuen bertaratutakoei ongietorria emateko ardura. Silvia Ariasek aurkeztu zuen hizlari aritu zen Mónica Saint Martín elkarrizketatua. Bera ere artista, omenduaren historiaz eta arteaz aritu zen. Esker oneko ekitaldiarekin pozik, hitz hauekin erretratatu zuen: "Sentibera eta indartsua zen Maria Elina Saint Martin. Maitagarria, solidarioa eta umore handikoa. Sortzailea eta jakingurakoa. Musika, letrak eta ikusizko arteak maite zituen. Beti eguneratua, begirada garaikidea zuen. Gazte izpirituz bere azken egunetaraino. Ez zuen errekonozimendua bilatu. Ez zuen imajinatu ere egingo bilera honen arrazoia izango zenik".