euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Haraneko Euskal Etxeak laugarren Gau Beltza ospatu du Trelew-en, akelarre antzeztu batekin eta partaidetza handiz

2025/11/21

20 neska gazte aktore Natalia Lavenaren zuzendaritzapean, eta Haraneko Euskal Etxeko dantzari taldea Gau Beltzeko saio ederrean
20 neska gazte aktore Natalia Lavenaren zuzendaritzapean, eta Haraneko Euskal Etxeko dantzari taldea Gau Beltzeko saio ederrean

PUBLIZITATEA

Trelew, Argentina. Laugarren urtez bihurtu du Haraneko Euskal Etxeak (Chubut Iparrekialdeko Euskal Etxeak) bere egoitza agertoki magiko Gau Beltza ospatzeko. Negua iritsitakoan, uzta-bilketaren amaiera markatuz, arbasoak omentzeko balio zuen antzinako jaia da Gau Beltza. Deialdia pasa den azaroaren 8an, larunbatez, gauzatu eta jendaurretu zen eta prestatutako funtzioak eta egindako gaualdiak arrakasta izan zuten lagun, denera 150 bat lagun bildu baitzituen erritu eta arte eszenikoen uztargarri uzan zen proposamenak.

Ekitaldia babes-amuletoei buruzko tailer praktiko batekin hasi zen. Euskal etxeko kide Gonzalo Quisperen eskutik, partaideetako bakoitzak bere kutun propioa sortu zuen. Sinbolismo handiko elementuak mahaigaineratu zituzten, tartean sendabelarrak, gatza, harriak, eguzkiloreak eta lauburuak, bakoitzak bere botere magiko eta indarra azalduz. Hura gaueko ekitaldi nagusiaren atarikoa izan zen, ondoren etorri baitzen “Sorginak, hijas del fuego" (Sorginak, suaren alabak) antzezkizuna, Natalia Lavenak zuzendutako erritu-antzerki pieza.

 
Gonzalo Quispe zuzendari egin zen kutun tailerra Gau Beltz patagoniar honetan

 
Natalia Lavena zuzendari taularatu zen 'Sorginak, suaren alabak' antzezlanaren eszena bat

Aire zabalean, antzezlanak akelarre bat irudikatu zuen. Sua, argiak eta itzalak izan ziren eszenografiaren ardatz nagusiak. Jantzi zainduak, zuzeneko musika eta kantuak, eta euskarak presentzia aktiboa izan zuela. Trelewko 805. zenbakidun Irakasleen Goi Mailako Prestakuntza Institutuko antzerki-ikasketetako hogei ikaslek eman zioten bizia sorgin taldeari, naturari eta arbasoen memoriari men eginik.. 

 
Trelewko Haraneko Euskal Etxeko dantzariak, Natalia Suarez Caminoarekin

Antzezlanaren amaiera, Euskal Etxeko zortzi haur dantzariren eskutik iritsi zen. Natalia Suárez Caminoaren gidaritzapean, Xabi Solanoren ‘Erre zenituzten’ koreografia dantzatu zuten. Jendearen erantzunaz galdetuta, Haraneko Euskal Etxeko lehendakari Milagros Ibarbiaren erantzunak ez du zalantza izpirik uzten: "Izugarria izan zen!" "Gau Beltza gure Euskal Etxearen ekitaldirik jendetsuena ari da bilakatzen", aitortu dio pozik eta ilusio nabariz EuskalKultura.eus-i..



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia