euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Haize Hegoaren txalaparta, erakarpen handienetako bat Montevideoko 2025eko CH Udaleko Gizataldeen Azokan

2025/11/20

Publikoa eta zaleak txalapartarekin jolasean Haize Hegoaren euskal standean Montevideoko ‘CH’ Udaleko Gizataldeen Azokan
Publikoa eta zaleak txalapartarekin jolasean Haize Hegoaren euskal standean Montevideoko ‘CH’ Udaleko Gizataldeen Azokan

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguai. Azaroaren 9an egin da, Montevideoko ‘CH’ Udalak urtero ospatzen duen Gizataldeen Azoka, Batlle Parkearen ondoko Luis Morquio kalean, aurtengoan 30 kolektibitate partaide, euskaldunak tartean. Proposamenak arrakasta izan zuen –40 mila lagunek bisitatu zuten antolatzaileen arabera– eta Euskal Herriaren ordezkari, aurreko urteetan bezala, hiriburuko Haize Hegoa Euskal Etxea izan zen.

Euskal standean, kultur eskaintza handiaz gozatu ahal izan zuten bisitariek; nahi izan zutenek euskal abizenen jatorria eta esanahia bilatu ahal izan zituzten, euren jatorrizko herriak Euskal Herriko mapan kokatu, euskal ikurrak ezagutu eta Uruguain dagoen euskal ondareaz hainbat historia entzun. Nobedadeen artean, txalaparta eraman zuten Haize Hegoa-ko lagunek eta jakin-minak bultzatuta ez ziren gutxi izan jotzera eta instrumentuari  emaitzak ateratzera animatu zirenak.


Haize Hegoa Euskal Etxearen standa Montevideoko CH Udaleko Gizataldeen Azokan


Interes guztientzako proposamenak, tartean euskal abizenen jatorriaren bilaketa eta euskal dantzak

“Egun ederra izan zen. Jai hau aukera paregabea izan ohi da Euskal Etxean egiten ditugun ekintzei, eta oro har euskal gizataldeari ikusgarritasuna emateko. Lehio bat da euskal kulturarentzat, lehio polita, eta gustura bertaratzen gara, aurten gertatu den bezala, are gehiago jendearen erantzun ona ikusita", adierazi digu Euskal Etxeko erreferenteetako bat den Mariel Fernández Artasánchez-ek.

Eguberriko Euskal Postalen 30. Lehiaketa

Sasoian gaude eta, berri honekin batera Haize Hegoak iragartzen du azaroaren 28an, arratsaldeko 5:30etan, 4 eta 16 urte arteko ume eta gazteei zuzendutako Eguberrietako Euskal Postalen Lehiaketa egingo dutela. Asmoa gabon agurrak bidaltzeko postalak sortzea da, euskal elezaharrak eta mitologia abiapuntu harturik. Izena emateko epea azaroaren 27an bukatuko da, eta whatsappez (098 651 652) edo emailez (haizegoa@netgate.com.uy) egin daiteke. Informazio gehiago, hemen.



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia