euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Adi zinema-zaleak! Diasporan Otañori buruz grabatutako 'Ombuaren Itzala' filma prest doan online Primeran-en

2025/11/21

'Ombuaren Itzala' ikusgai, Primeran plataforman
'Ombuaren Itzala' ikusgai, Primeran plataforman

PUBLIZITATEA

Donostia, Euskal Herria. 2024ko azaroan Zizurkilen (Gizpuzkoa) estreinatu ondoren, ibilbidea luzea egin du Pello Mari Otaño (Zizurkil, 1857 - Rosario, 1910) bertsolariaren bizitzan sakontzen duen ‘Ombuaren Itzala’ filmak, eta Euskal Herriko areto askotan proiektatua izan ostean, Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten Patxi Bisquert zuzendariak eta berarekin proiektua aurrera eraman zuen ekipoak. Orain, Primeran plataformari esker, diasporan ere ikusi ahal izango da, doan, euskarazko jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpitituluekin.

‘Ombuaren Itzala’k Argentinako lehenengo euskara irakaslea ere izan zen Otañoren bizitzaren une garrantzitsuenak kontatzen ditu eta, Euskal Herrian grabatutako zatiez gain, grabaketaren zati handi bat Argentinan egin zen. Ez dezagun ahaztu Otañok hiru bidaia egin zituela Argentinara eta panpako paisaia hartu zuela bizileku. Paisaia horiek filmatzeko, ia hilabete oso bat pasa zuen ekoizpen taldeak Cordoba eta Mendozan, eta Buenos Aireskoan, Pehuajon.

Argentinako egonaldiak aukera polita eman zion zuzendariari pelikulan Diaspora agerrarazteko. Joseba Usabiaga (Otañoren azalean) eta Sara Cózar (Magdalena Alberdi Arozena Otañoren emaztea) aktore nagusiekin batera, Argentinako euskal diasporan nahiko ezagunak diren lagunak ere ikusi daitezke pantailan, beste askoren artean La Platako Iñaki Aramayo (Ortiz de San Pelayo) eta Alejandra Oteiza rosariotarra (Aurelia). 'Ombuaren Itzala' ikusteko, klik hemen.

Primeran plataforman, euskal edukiak doan 

Euskarazko eta euskal edukien doako streaming plataforma da Primeran eta munduko edozein bazterretik sar daiteke bertan; nahikoa da erabiltzaile sortu eta pasahitza asmatzea. ‘Ombuaren Itzala’ pelikulaz gain, beste hainbat film, telesail eta musika ikuskizun dauzka ikusgai Primeran-ek, klasikoak, berriak, oihartzun handia izan dutenak…

Eta laster estreinatuko diren nobedadeen artean aurtengo Donostiako Zinemaldian saritua izan zen Maspalomas eta ezbaia sortu duen Arantxa Echevarríaren La Infiltrada aipa ditzakegu, besteak beste. Primeran 2023. urtean jarri zen martxan eta edukiak etengabe estreinatzen dira. Bestalde, gero eta film eta telesail gehiago dituzte gaztelaniazko azpitituluez eta aukera hau ematen duten izenburuak eguneratzen doaz.



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia