euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ikasi, irakatsi eta batez ere gozatzeko, Xamar-en "Euskara jendea" dokumentalak eskuragai daude plataformetan

2024/06/05

Primeran Plataformako 'Euskara jendea' ikusteko sarrera
Primeran Plataformako 'Euskara jendea' ikusteko sarrera

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. "Euskara jendea: gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza" dokumentalak 2006an Pamielak argitaratutako izen bereko liburuan daude oinarrituta. Liburua bezala, Ibaizabal-Mendebalde eta Zenbat Gara elkarteek ekoitzitako dokumental sorta hau erreferente bihurtu da euskal kultura ezagutarazteko helburua duten materialen artean, Juan Carlos Etxegoien ‘Xamar’ idazleak egindako ikerketa lan sakonari esker.

Historiaurrean kokatzen gaitu sortako lehenengo atalak eta kapituluz kapitulu –sei dira guztira– euskararen inguruan dauden galderei erantzunak ematen saiatzen da. "Non sortu zen euskara?", "Nola?". Eta, agian, etorkizunari begirako garrantzitsuena dena: "Nola iraun du euskarak gaur arte?". Hizkuntzaren bitartez herriaren historia ere azaltzen dute dokumentalek, nortasuna, ohiturak eta inguruko herri eta kulturekin izandako harremana.

Hainbat urtetan DVD formatuan bakarrik egon eta gero, aurten "Euskara Jendea" plataformetan ere ikusteko aukera zabaldu da, libre eta doan. Alde batetik Zenbat Gara elkarteko Youtube kanalean dago (linka hemen). Kanal honetan euskaraz dago eta material osagarria dakar, tartean, unitate didaktikoak, munduko euskal etxe, eskola edo irakurletzetako klaseetan landu ahal izateko.

Honetaz aparte, EiTBren Primeran plataforman ere dago ikusgai, doan eta kasu honetan, gaztelaniazko azpitituluekin dituela, edo euskarazko azpitituluak ere dituela dago eskuragai. Primeran-en ikusteko, linka hemen

Juan Carlos Etxegoien, ‘Xamar’

‘Xamar’ baserriaren izenarekin ezaguna den Juan Carlos Etxegoien nafarra, idazlea, irakaslea, ikerlari eta dibulgatzailea da. Bere lanetako batzuk dira "Orhipean. Gure herria ezagutzen", "Etxea. Ondarea, Historia, Mintzoa" edo "Etxera Bidean", 2019an Euskadi Literatur saria jaso zuena, eta "Biziaroak. Herri kultura", hauetako batzuk euskaraz ezezik, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez-eta topa daitezkeela.

2009an Xamarrek Argentina eta Uruguai bisitatu zituen, Euskara Jendearen gaztelaniazko edizioa aurkezteko biran. Euskalkultura.eus-ek berarekin mintzatzeko aukera izan zuen Buenos Airesen. Hona idazleak bere liburu hari buruz eta Diasporarekin izandako harreman zuzen hartaz eskainitako hausnarketak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia