Santiago, Txile. Herrialde osoko etxeetako telebistetaraino iritsi ziren Santiagoko Euzko Etxearen irudiak Chilevision kateko ‘Sabingo’ saioari esker. Programako "Herederos de una tradición" (tradizio baten oinordeko) ataleko Carmen Gloria Bresky aurkezleak Ignacio Bastarrica Euskal Etxeko lehendakaria eta bere familia elkarrizketatu zituen eta Euzko Etxearen egoitza bisitatu zuen bertako ekintzak eta jendea ezagutzeko helburuarekin.
Bastarricak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, saioko produktoreak jarri ziren kontaktuan Euzko Etxearekin Txileko euskal gizataldeari buruzko programa egin nahi zutelako. Gogoan hartzekoa da, estatistiken arabera, Txileko populazioaren %20-26ak euskal jatorria duela, eta Euzko Etxea hartu zuten abiapuntu. “Euzko Etxea herrialdeko euskal etxerik handiena eta zaharrena da, 1912an sortua, egoitza geurea da, baserri baten tankeran eraikia, eta euskal etorkin biltoki izateko jaio zen”, azaldu digu lehendakariak.
Txileko Unibertsitateko ikasleek egindako 'Guernica' koadroaren margolana, Haritza, pilotariak, dantzariak...Txileko Euskal Abesbatza.. Euskal Etxeko ikur guztiak Txileko telebistan
Euzko Etxeari egindako bisitan, Carmen Bresky aurkezleak Eusko Abesbatza entzun zuen, pilotarien entrenamentuan parte hartu zuen eta Fandangoa eta Kalejira dantzatu zituen bertako dantzariekin, euskal jantziaz jantzita. Bisitari amaiera emateko, nola ez, etxeko dantzari batek ‘Aurreskua’ dantzatu zion aurkezleari.
Bastarricatarren legatua
"Herederos de una tradición" saioak Euskal Etxearen historian ez ezik, Bastarrica familiarenean ere sakondu zuen Bastarricatarren eta euskal erakundearen historiak lotuta baitaude hasiera-hasieratik. “Nire birraitona-amonak, Pedro eta Dominiquette, 1890 urte amaieran iritsi ziren Santiagora. Gure aita bitan izan zen Euzko Etxeko lehendakaria eta euskal abesbatzan ere abestu zuen. Urte batzuk geroago neba-arrebok hasi ginen dantzatzen eta gaur egun nire emaztea dantzen batzordeko zuzendaria eta Berriketari gure buletineko editorea, eta seme-alabek ere hartzen dute parte euskal elkartean, batez ere dantzan eta pilotan”, jakinarazten du Bastarricak.
Bigarren partean, Bastarricatarrak eta Santiagoko 'El Txoko Alavés' hotel eta jatetxea. Josetxu Saezek eta bere seme-alabek ere eman zuten euren testigantza
Sabingo saioak euskal gizataldeari egindako omenaldian ‘El Txoko Alaves’ jatetxeak ere izan zuen lekutxo bat. Aurkezlea eta bere taldea bertan bildu ziren izen handiko pilotaria den Josetxu Sáezekin eta bere seme-alabekin eta jatetxeko sukaldean Bakailaoa bizkaitar erara prestatu zuten Nieves Bengoa arabarrarekin.