North Queensland, Australia. Australiako Mus Txapelketaren 5. edizioa maiatzaren 18an jokatu zuten Brisbane-n (Ashgrove, Queensland), antolatzaile zirela TASSCA espainiar elkartea; eta Basque Club of North Queensland eta Sydneyko Gure Txoko Basque Club euskal etxeak. Txapela, Basque Club of North Queensland-eko kide diren Joe Aguirre eta Ramon Lequericak osatutako bikoteak bereganatu zuen, lehiaketako partida guztiak irabazi ondoren, euren emazte Carmel eta Reginak gogoz animatuta.
Txapelarekin batera garrantzi handiko beste sari bat irabazi zuten Aguirre eta Lequerica lehengusuek: Mundukorako txartela, Argentinako La Pampara joan eta Macachingo Euzko Alkartasuna Euskal Etxeak 27tik urriaren 5era antolatuko duen Euskal Gizataldeen arteko XLVI. Munduko Mus Txapelketan Australia ordezkatzeko aukera.
Amaren Eguna, pintxoak, euskal errezetak...
Amaren Eguna North Queensland-eko Euskal Etxearen egoitzan
Sukaldaritza klasea eta bertan ikasleek prestatu zuten euskal tartaren lehenengo plano bat
Mus Txapelketaz gain, urte hasieratik hona oso hilabete aktiboak izan ditu North Queensland-eko Euskal Etxeak Sabadine kaleko bere egoitzan. Horietatik aipatuko ditugu: Amaren Eguna ospatzeko euskal australiarrek egin zuten brunch edo bazkari festa, maiatzaren 11an, eta horretarako elkarteko gizonek euren kargu hartu zuten sukaldea eta sukalde lanei eta egunari zegokion prestaketa, bertatik adierazi digutenez.
Apirilean, berriz, Pintxo eta Kalimotxo gaua antolatu zuten, arrakasta politez, eta otsailean sukaldaritza eskolak eskaini zituen Euskal Etxeak, euskal errezetak errepasatu eta erreskatatzea, eta irakatsi eta prestatu ondoren, dastatzea, noski!
- Euskal Etxearen Facebook, Basque Club NQ