San Frantzisko, Kalifornia. Larunbat honetan, otsailaren 14an, iragarriko dute NABOk eta Pedro Oiarzabal ikertzaileak Bigarren Mundu Gerrako (2MG) Euskal Beteranoen Memoriala non eraikiko den. Ekitaldia San Frantziskoko Gure Euskal Etxearen egoitzan egingo da, datorren asteburuan zehar euskal etxe horrek bere 44. urteurrena ospatzeko eskainiko duen programaren barnean. 14etan (bertako ordua, 23etan Euskal Herrian) hasiko den aurkezpenak ordubete iraungo du eta bertaratu ezin dutenek zuzenean streaming bidez segitu ahal izango dute.
Gogoratu 2MGn parte hartu zuten euskaldunei buruzko —Euskal Herrian jaiotakoak eta euren ondorengoak Estatu Batuetan— ikerketa lan hau Pedro Oiarzabal historialaria buru duen talde batek garatu duela (eta bere azken urratsetan garatzen ari oraindik, beti agertzen baitira izen berriak etaosatzen biografia berriak), Bilboko Sancho de Beurko Fundazioaren eta NABO Ipar Ameriketako Euskal Elkarteen Federazioaren arteko lankidetza legez.
Lagundu dezakezu
Orain artean 2.150 izen baino gehiago erreskatatu dire ahazturatik, Estatu Batuetako euskaldunen historian zinez esanguratsu eta adierazgarria den episodio honetan, demokraziaren alde eta totalitarismoen aurkako ahalegin honetan parte hartu zuten gizon-emakumeak behar bezala errekonozitzea helburu duen proiektu honetan. Izan ere, aurkeztu diren hautagaitzen artetik, NABOk bere baitan sortutako batzordeak zein jo duen egokiena adieraziko du larunbatean, diseinuari buruzko eta beste zenbait xehetasuni buruzko berriak ematearekin batera.
Proiektu handia eta hamar urteko lana hartu duena da 2MGko Euskal Beteranoen historia eta istorioak erreskatatu eta ezagutaraztea xede hartu duen hau, orain arte batere sostengu publikorik gabe egin dena. Baina denen ahaleginak behar izango dira bere azkenetara eraman nahi bada. Proiektu potoloa da, baina euskal komunitateak zinez sostengatu beharrekoa, diote NABOtik, bere bazkide eta lagunak ekonomikoki ere laguntzera gonbidatuz, bide horretan Eusko Jaurlaritzaren eta euskal instituzioak ere lagun izango dituelakoan, "AEBko euskal historia eta euskaldunen ekarpena baita argitara ekarri eta merezi duen lekuan ezarri nahi duguna", baiesten dute. Ikusi hemen xehetasunak eta ekarpen ekonomikoa egiteko aukerak.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


