euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chivilcoyko Beti Aurrera EEak ekitaldi batez eta Garagardo Patio batekin ospatu du Gernika Plazatxoaren eraberritzea

2026/02/12

Ezker-eskuin, Beti Aurrerako lehendakari Jose Luis Garmendia, Esteban Genaro eta Matías Muo udal agintariak, Adriana Irrazabal lehendakariordea, Agurra Milena Barrosoren eskutik, ikurrina eta Argentinako banderen igoera, Garagardo Patioa
Ezker-eskuin, Beti Aurrerako lehendakari Jose Luis Garmendia, Esteban Genaro eta Matías Muo udal agintariak, Adriana Irrazabal lehendakariordea, Agurra Milena Barrosoren eskutik, ikurrina eta Argentinako banderen igoera, Garagardo Patioa

PUBLIZITATEA

Chivilcoy, Argentina. Ilusioa eta emozioa nagusi izan ziren joan den astean Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxearen egoitza aurrean. Izan ere, 2011n [Euskal Etxea dagoen] Palemón Huergo kalean zabaldutako Gernika Plazatxoa berritu dute, euskal etxearen eta udalerriaren arteko lankidetzari esker. Hobekuntza lanek lekuaren itxura txukundu dute: argiteria eta seinaleztapen berria jarri dute, bankuak margotu, espaloia hobetu eta itxitura lanak egin dituzte. Modu horretan, oroimen historikoaren eta euskal kulturaren erreferentziazko gune bat indartu dute hirian.

Ekitaldia joan den ostiralean, otsailaren 6an, egin zuten, Silvana Barroso idazkariak gidatuta. Argentinako bandera eta ikurrina igoz hasi zen saioa; lehena udal agintarien eskutik eta bigarrena Jose Luis Garmendia eta Adriana Irrazabal elkarteko lehendakari eta lehendakariordearen ardurapean. Jarraian, Milena Barroso dantzariak ohorezko Agurra dantzatu zuen eta ereserkien txanda heldu zen. Adriana Irrazabalek, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketako biktimen omenezko gune honen esanahi berezia ekarri zuen gogora. Udalaren izenean, Zerbitzu Publikoetako idazkari Esteban Genarok eta Berdeguneen zuzendari Matías Muok, espazio publikoak errespetuzko bizikidetzarako berreskuratzearen balioa nabarmendu zuten.

Gune bizi bat

Protokoloa eta Euskal Herriaren erresilientziaren inguruko hausnarketa bukatu ostean, ospakizunak hartu zien lekua. Bazkide, bizilagun eta agintariek elkartearen lehenengo Garagardo Patioa estreinatu zuten, topaketa benetako festa bihurtuz. "Arrakasta itzela izan zen. Poz handia hartu genuen, aspaldian Euskal Etxera etorri gabeko bazkide asko hurbildu baitziren; eta dagoeneko Martxoaren 8rako iragarri dugu bigarrena", adierazi dio Adriana Irrazabalek EuskalKultura.eus-i.

Berritze honi esker, Gernika Plazatxoa oroimen-leku izateaz gain, Chivilcoyko euskaldunen topagune bizi gisa finkatu da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia