Bilbo, Bizkaia. Ibilbide luze eta aipagarria du Aingeru Etxebarria getxoztarrak goi mailako sukaldeetan, eta besteak beste ikasitakoa da Karlos Arguiñano eta Ferran Adrià bezalako chef ezagunekin, plater originalak eta batez ere gustagarriak sortu ahal izateko. Sukaldatzea pasio handia du, baina ez bakarra, irakastea ere gogokoa baitu oso. Izan ere, sukaldaritza eskola ere dauka Bilbon, Txoko Didaktikoa, eta adin eta esperientzia guztietako ikasleei irakasten die bertan. Tailerrak ere antolatzen ditu eta, are gehiago, udalekuak ere antolatzen ditu sukalde maite duten neska-mutilentzat.
Orain, eta sukaldaritza altua Diasporan ere garatze aldera, proiektu bat burutu nahi du euskal etxeekin lankide. Luzatu duen proposamenak gastronomia tailerrak, sukaldaritza-kultur ekitaldiak eta elkarteetako kide eta familiei zuzendutako ekitaldiak antolatzea biltzen du. Etxebarria bera bertaratuko litzateke euskal etxeetara, saioak aurrez aurre egitera, eta bide horretan euskal etxe batzuen interesa eta mnahikeria batu nahi luke ibilbide bat osatu eta euskal etxerik euskal etxe ibili ahal izateko.
Lehenengo erantzunak Uruguaitik
Hasi berria da aste honetan getxoztarra bere proposamena zabaltzen eta "interesa eta erantzun itxaropentsuak jasotzen ari naiz, lehenengoak Uruguaitik". “Polita litzateke tailerrak antolatzea elkarrengandik gertu dauden hirietako euskal etxeetan. Uruguain hasiko bazina, Argentina bertan dago eta agian hortik posible litzateke Txilera jauzi egitea. Dena dago ikusteke, baina lehenengo pausoak eman nahi genituzke". "Nire eskaera, beraz, interesa izan dezaketenei, nirekin kontaktatu daitezela, xehetasun gehiago eman diezadan”, proposatzen du Etxebarriak.
Ez da hau sukaldariak Euskal Herritik kanpo gauzatu edo parte hartu izan duen lehenengo proiektua. 2016an mexikon ibili zen, Miniature proiektuarekin; 2015ean, Estatu Batuetako hainbat hiritan sukaldatu zuen tokian tokiko lagunentzat, Euskadiren Ordezkaritzak sustaturik; eta Espaniako herri askotara ere bidaiatu izan da, beti ere euskal sukaldaritza ikur gisa eramanez. Aingeru Etxebarriarekin kontaktatu nahi dutenek whatsappez idatzi ahal diote (+34 688 69 14 60). Sukaldaria sareetan ere aritzen da etxebarriaaingeru eta escuelacocinaytxokodidactico kontuetan. BereTxoko Didaktikoaren webgunea, txokodidacticobilbao.com

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


