euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosarioko 'Sukaldari Gailena' izendatu dute Itziar Aguirre euskal sukaldari rosariotarra, bere ibilbide oparoa nabarituz

2025/09/24

 Itziar Aguirrek Sukaldari Gailenaren plaka aurkeztu du Trainera Jatetxearen aitzinean, familia eta Veronica Irizar zinegotziarekin batera
Itziar Aguirrek Sukaldari Gailenaren plaka aurkeztu du Trainera Jatetxearen aitzinean, familia eta Veronica Irizar zinegotziarekin batera

PUBLIZITATEA

Rosario, Argentina. Itziar Aguirre sukaldari, kultura-enbaxadore eta euskal sukaldaritzaren erreferente rosariotarra aitortu dute bere jaioterrian. Udaleko Kultura Batzordeak proposatuta, Rosarioko hiriak "Sukaldari Gailena" izendatu du "bere ibilbide oparoagatik, nazio eta nazioarte mailako aitortzagatik, bikaintasunagatik, pasioagatik eta bere errezeta bakoitzean islatzen duen kultura harrotasunaren mezuagatik". Nutrizioan lizentziatua, Trainera Cocina Vasca jatetxearen sortzaile eta sukaldaria da Itziar. Rosarion jaio eta hezia, Euskal Herrian hobetu zuen formakuntza, eta bere ibilbideak sukaldea gainditu du, edonon dagoela ere sustraiak beti lagun dituela, euskal kulturaren ahots baimendu.

Saria emateko ekitaldia sarituaren jatetxean bertan, Traineran (Constitución 306) egin zen, joan den asteazkenean, irailaren 17an. Udaleko Verónica Irizar zinegotzia partaide, geroztik bere jatetxearen aurrealdean luzitzen duen plaka inauguratu zuen Itziarrek. "Une ahaztezina izan zen. Ikaragarri ederra", azaldu dio sukaldariak EuskalKultura.eus-i. Hurbildu ziren lagun, bezero eta lankideak hobekien egiten dakienarekin oparitu zituen, euskal kutixiekin: pintxoak, muskuiluak eta otarrainxkak, xanpaina, ardoak eta bermuta tartean.

 
Itziar Aguirre pozik Rosario bere sorterriak eskaini dion aitorpena islatzen duen plakarekin

Itziarrek Rosarioko gastronomian duen historia estu-estu lotuta dago Rosarioko Euskal Etxeari atxikita zegoen Zazpirak Bat jatetxeari eta EEaro oro har. 25 urtez kudeatu zuen ostatua, bere ama Arantza Soraluce eta anai-arrebekin batera. Bere lana hedabideetara ere zabaldu zen, Osvaldo Gross, Takehiro Ohno eta Borja Blázquez bezalako pertsonaiekin batera telebista saioetan parte hartuz. Horretaz gain, Gato Dumas Sukaldaritza Eskola ospetsuan irakasle izan zen. Iaz, Euskal Herrian argitaratutako “Mamia”, euskal sukaldaritza eraldatu zuten 50 emakumeen izenak biltzen dituen liburuan, euskal lurraldetik kanpo aukeratutako ahots bakarra izan zen. Horrek inflexio-puntu bat markatu zuen bere ibilbidean, gastronomia eta euskal kulturaren erreferente gisa are sendoago kokatuz.

Zorionak, Itziar!



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia