Donostia, Euskal Herria. Sartua da iraila eta 2025-26ko ikasturtea hasia da ematen bere lehenengo pausoak euskara klaseei ere dagokienez Europako eta Ipar Amerikako euskal etxe eta unibertsitateetan, bietan Etxepare Euskal Institutua lagun. Eskaintza, alde batetik, ikasle berriei dago zuzenduta eta, beraz, hainbat talde zerotik hasiko dira euskararen ikaskuntzan, eta horrek, Euskal Herritik kanpoko ikasleetan, gehienetan oinarriaren oinarria ipintzetik hastea nahi du esan. Horiekin batera, aurreko urteetako ikasleek ere badute jarraitzeko aukera eta, hau ere behar da esan, sistema badabil eta ezagunak dira euskara maila ona lortu duten ikasleak, maila hori aztertzetan baieztatzea barne.
Irakasleetan, segitzen dute Diasporan, euskara ama-hizkuntza duten Euskal Herrian jaiotako irakasleak, baina gero eta gehiago eta zenbaki hazkorrean dihardute irakasle Diaspora bertakoak, herrialde bakoitzean jaiotakoak, gehienbat Etxepare Euskal Institutuaren 'Euskara Munduan' programarekin trebatutako irakasleak. Hona irailean dagoeneko hasiak diren edo datozen egunetan hasiko diren kurtsoak:
Madrilgo Euskal Etxeko euskaltegian irailaren 22an hasiko dira eskolak, ikasle helduentzako euskara maila guztiak eskainiz; aurrez aurreko zein on line klaseak dira eta baita Mintza taldeak ere. 4 eta 12 urte bitarteko umeentzako eskolak ere eskaintzen ditu Madrilgo Euskal Etxeak. Informazio gehiago eta izena emateko, hemen. Bartzelonako Euskal Etxeko eskolak urriaren lehenengo astean hasiko ditu saioak eta ekainean bukatuko. Maila guztietako taldeak daude, ordutegi zabalarekin. Mintza taldeak, barnetegiak eta umeentzako klaseak ere eskuragai. Argibideak, hemen. Valentzian euskara eskolak urriaren lehenengo astean abiatuko dira. Izena ematea irailaren amaieran bukatuko da eta Euskal Etxeko bazkideek deskontua izango dute. Klaseak Peu de la Creu 8 helbidean emango dira eta xehetasunak hemen eskura daitezke.
Hexagonoan ere motorrak berotzen hasiak dira. Parise Euskal Etxeak 40 urte baino gehiago daramatza euskara klaseak ematen, eta gogoz. Eskolak irailaren 15ean hasi ziren, astean bi ordukoak. Argibideak, hemen. Bordeleko Euskal Etxean aurrez aurre eta on line –azken hau Euskara Munduan plataformaren bidez– ikas daiteke euskara. Klaseak aste honetan hasi dira, maila eskaintza zabalarekin eta irakasleak Patrick, Ellande eta Ander direla. Xehetasunak, hemen.
Berlingo Euskal Etxeak aste honetako ostiralean bertan abiatuko du ikasturte berria eta A1.0, A1.2, eta A2.1 mailak eskainiko ditu. Informazioa, hemen. Eta Bruselan, Bruselako Euskal Etxeak nobedade bat zabaldu berri du: Mintzalagunen programa jarri duela martxan. Argibideak, hemen.
Amerikako Ipar Hemisferioan, egun Estatu Batuak eta Kanada esparru dituen NABO erakundeak eta Boiseko Basque Museum-ek urtero egiten duten eskaintzaz gain, Salt Lake Cityko Euskal Etxeak ere iragarri ditu 2025-26ko euskara eskolak. Klaseak hilean bitan izango dira, bi ordukoak, 18etatik 20etara, aurrez aurre, baina on line egiteko aukera ere emango zaio egoera berezia daukanari edo neguko eguraldi txarrak besterik uzten ez duenean. Ikastaroa Sonia Castañonen esku egongo da. Informazioa, hemen. Ipar Amerikatik atera gabe, Mexiko hiriko Euskal Etxean ere jarraituko dute euskara klaseek, Iñigo Bilbao Elkarteko lehendakaria irakasle; eta oraindik Ipar Hemisferioko parte, Caracasen ere laster abiatuko dituzte klaseak Caracasko Euskal Etxerik esan zaigunez.
Horrekin batera, munduko unibertsitateetako irakurletzetan ere hasten ari dira klaseak aste honetan. Ikastaro hauetako informazioa, Etxepare Euskal Institutuan.