euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Punta Indio Veronicako euskal komunitateak pozarren antolatu eta gauzatu du bere aurreneko Euskal Jaia topaketa

2025/09/25

Eguraldi txarra ez zen oztopo izan Veronicako euskal komunitatearen lehen topaketa gauzatzeko eta irailaren 20an, Mariano Moreno Herri Liburutegian Euskal Jaiaren ospatu zuten
Eguraldi txarra ez zen oztopo izan Veronicako euskal komunitatearen lehen topaketa gauzatzeko eta irailaren 20an, Mariano Moreno Herri Liburutegian Euskal Jaiaren ospatu zuten

PUBLIZITATEA

Verónica, Argentina. Verónica Buenos Aires probintziako ekialdeko herri txiki bat da, Punta Indio partidoko burua. Probintziako leku askotan gertatzen den bezala, euskaldunak hona etorri eta hemen ezarri ziren eta euren ondorengo ugari bizi da aspalditik inguruan. Orain, talde bat bildu eta aktibatzeko ahaleginean ari da. Joan den larunbatean, irailaren 20an, oso eguraldi txarra egin bazuen ere, talde animatu batek urratsa eman eta Puerto Indio eta Verónicako lehenengo bilera ospatu zuen, Euskal Jaia izenpean. Hogei bat lagun bildu ziren Mariano Moreno Herri Liburutegian, pozik, aurreneko topaketa hau arrakastaz bururatu ahal izateagatik.


Verónica Punta Indioko euskaldunen lehenengo bilerara bildutakoak hitzaldia segitzen

Liburutegiko aretoa ekitaldirako apaindua luzitu zen, banderak eta euskal kultura objektuekin, hala nola, futbol eta errugbi taldeen elastikoak, argitalpenak eta zapiak. La Platako Euzko Etxeko Matxin Burdin Liburutegiak ekimena babestu zuen ale batzuk emanez eta beste batzuk erakusgai jartzeko utziz. Jardunaldia euskal deiturei buruzko hitzaldi batekin hasi zen, euskaldunen ondorengoak eta Buenos Aires probintziako Ikasketa Genealogiko eta Heraldikoen Institutuko kide Jose Faggiani hizlari. Norberaren sustraiak ikertzeko interneten eskuragarri dauden gako eta tresnak ere azaldu zituen eta, adibide gisa, bertatik bertara han zeuden batzuen abizenak kontsultatu zituzten, Telletxea, Aguirre, Iturria, Landa eta Chilamberro, besteak beste.

Aurreneko urratsa

Jarraian, Gustavo Ilintxetak, Virginia Aguirrek eta Eliana Zamalloa antolatzaileek beste hitzaldi labur bat eman zuten, euskal historia, geografia, euskara eta kulturaren inguruan. Hitzaldia gai horiei buruzko joko dibertigarri batekin amaitu zen. Mapak, postalak eta zeramika apainduak zozketatu ziren. Itxiera, nola ez, Euskal Herriaren zaporea izan zen, pintxoak eta euskal pastela partekatuz. "Topaketa bikaina izan da", adierazi dio EuskalKultura.eus-i Verónican bizi den Gustavo Ilintxeta laplatatarrak. "Oso pozik gaude lehen urratsa eman izanaz". "Jarduera oso parte-hartzailea izan da, eta etorritakoei gogoa kutsatzea lortu dugu", gaineratu du uros.

Aupa Veronica eta Punta Indioko euskaldunak!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia