Valentzia. Euskara irakasleak eta Valentziako Hizkuntza Eskola Ofizialean irakasten diren beste hainbat hizkuntzatako irakasleak bertan nagusi den egoera salatu dute "iazko mozketen ondotik, okerrera baino ez baitu egin". "Generalitateak (gobernu autonomoak) aldaketa berriak nahi ditu sartu, irakaskuntzaren egoera gehiago gaiztotuko dutenak", plazaratu dute. Gogora dezagun Erkidego Valentziarreko gobernu berriak —PPk eta Vox-ek osatzen dute— mozketa bortitzak egin zituela iaz (ikus orduan EuskalKulturaren artikulua) HEOean eta, euskararen kasuan, klase presentzial guztiak ezabatu zituela Alacant, Castelló eta Valentzian, irakasleak kalean utziz, eta online aukera utzi zuela, irakasle bakarrarekin.
"2025-2026 ikasturteari begira, egoerak okerrera egingo du", diosku Izaskun Kortazarrek, klaseak online ematen dituen irakasle bakar horrek. "Gobernuak lan karga handiagoa ipini nahi dugu ordutegi barruan, soldata berarekin, guri batere galdetu gabe eta batere jakin gabe zein den benetan egiten dugun lana". Baina Generalitatearen erabakiek ez dute euskara bakarrik ukitzen; gainerako hizkuntzetan ere kendu dituzte lehen mailako klaseak, ezin izango da talde berririk sortu eta jaitsi egin da irakaslegoaren soldata, "gure lana hobbya bailitzen eta ez enplegu bat", esan du irakasleak.
"Ito nahi gaituzte"
"Gobernuaren ordezkariek uste dute behin agertuz Eskolatik posible dela gauzak nola dauden ezagotzea, eta datu soil horrekin zilegi dela erabakitzea. Kurtsoak birtualitatera pasatzen dituzte ikasleak gogoan hartu gabe, hauek klase presentzialekin jarraitu nahi baitute. Birtualitatera pasatzeak arrazoirik ez dagoenean ez dauka zentzurik". "HEOeko egoera, ikasleei zein irakasleei dagokienean, larria da oso, ito nahi gaituzte. Ez zaie interesatzen irakaskuntzaren kalitatea, gauzak inposatu egiten dituzte bulego batetik, ikasleekin edo gurekin hitz egin gabe eta, argi baino argiago, ez zaizkie gure lan baldintzak batere axola". "Itxura ematen du hau guztia hondamendira eraman nahi dutela", ondorioztatzen du.