Montevideo, Uruguai. Hiriburu uruguaitarreko Aldaxka Kulturguneak bat egin du aurten ere munduko beste hainbat euskal etxe eta elkarterekin Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) ospatzen. Ospatu ere abenduaren 3an bertan ospatu zuen, aurten partaide berezi zeukala Johañe Bordaxar kantari, musikari, dantzari, pastoralgile eta kultura xiberotarraren sustatzaile eta kudeatzaile handia, hegoamerikar lur hauetara egiten ari den egonaldiko azken asteetara ailegaturik, azaroan Tandilgo Euskal Aste Nazionalaren aurretik etorri eta gero, orduan, EAN parte hartu zuen Mauleko Aitzindariak dantzari taldeko buru. Joañe Bordaxarrekin batera, bertako euskaldunak eta egun Uruguain ikasketak egiten ari diren Euskal Herriko ikasleak ere bildu ziren ENE hitzorduko partaide. Menua, Aldaxkako kideek prestatu zuten, zerbitzatutako kutixien artean axoa eta euskal bizkotxa, Ipar Euskal Herriko molde tradizionalean, otorduan zehar ardo on bat, eta kantu hobeak lagun.
Ospakizunak hala ere, zapore gazi-gozoa utzi zien Aldaxkako kideei, eurek argi azpimarratu digutenez. Izan ere "euskara biltzaile elkartzeak dakarkigun pozarekin batera" —"urtean zehar lan euskaltzalean modu jarraituan egindako bidea bati baita ospagai ona"— "guztia lausotuta geratu da aurten Montevideoko CH Udalak zakurrek euren beharrak egiteko leku bat eraiki baitu Gernika Plazan, Gernikako Arbolaren kimuaren ondo-ondoan, gorazarre, duintasun eta oroimenekoa suposa zitekeen eremu batean, hegazkin nazi eta faxisteak egindako Gernikako Bonbardaketako biktimen oroiz 1944an hemen altxatu zen monumentuaren berdegunean bertan", baietsi dute euskal-uruguaitarrek.

Euskaltzale eta bolondreak sukaldari bihurtuta Euskararen Eguna euskal usadioan ospatzeko
Gogora dezagun hemen 'canil' deitzen duten zakurtoki hori erailkitzeko lanak aurtengo otsailean hasi zirela eta Aldaxkako kideek apirilean horren berri zehatz izan bezain pronto egin zutela salaketa eta hasi zirela sinadurak biltzen lanak geldiaraztea eskatuz. Elkartearen saiakerak, ordea, ez ziren nahikoa izan eta euskaldunentzat esangura berezikoa den lekua “txakurrentzako aisialdi gune” bihurtzen joan dira, oraintsu obrak bukatu dituzten arte, kontrako kanpainari baterejara monik egin gabe. Aldaxka kolektiboak ez du baina hau guztia oharkabean utzi nahi eta mahai gainean nahi du “erasoa baita Euskal Herriaren memoria historikoaren aurka”, baina areago joz euren haserrean, zinez minduta baitaude Uruguai eta Montevideoko euskal komunitate antolatuak talde gisa "gai honi egin dion ezikusi axolagabearekin". Aldaxkak argitaratutako salaketa hemen irakur daiteke osorik.
"Toki horrek adierazten duenaz jabetzea"
Aldaxkarekin batera kontra egin dute Udalaren erabakiaren kontra, eta euren atsekabea azaldu, plazako auzokide eta hiritar talde batzuk. Errepublikako Unibertsitateko irakasle ohi eta ‘Emilio Frugoni’ Mugimendu Sozialistako zuzendaritzako kide den Pablo Tailanianek, esate baterako, gutun ireki bat argitaratu zuen prentsan, “espazio publikoan egindako edozein esku-hartzea, ideologia adierazteko modu bat” dela e3sanez La Diaria egunkarian, “Plaza Guernica: memoria, territorio y la herida simbólica del sentido común” (Gernika Plaza, oroimena, lurraldea eta zentzumenaren zauri sinbolikoa) izenburupean argitaratutako artikuluan.
Testuan zera dio besteak beste Tailanianek: “Badaude ukitu aurretik ondo begiratu beharko liratekeen espazioak. Eta begiratzea ez da, ez, soilik ikustea: toki horrek esaten duena ulertzea da, gogorarazten duena, adierazten duenaz jabetzea. Gernika Plazak sarraski bati buruz hitz egiten digu, bai, baina baita ahaztearen aurkako erresistentziaz ere”. Artikulu osoa, hemen.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



