Donostia-San Sebastian. Lau dira bederen aurtengo edizioan Santa Ageda edo Agata Deuna ospatuko duten Diasporako hitzorduak, hain zuzen ere Boisen (2), Madrilen eta Valentzian. Boisen, hitzordua aurreratu eta gaur astelehena gauzatuko dute hiriko Basque Block-en (euskal auzoan), bertako Euskal Museo eta Kultura Etxean, euskara ikasleak protagonista. Izan ere, deialdi irekia egin dute, parte izan nahi duena bertara azal dadin, lehenengoz datozenei festa zertan datzan azaldu, eta ordutxo batez entsegua eginez 19etan kalera atera eta auzoko taberna eta jatetxe eta lekuetako batzuetan sartu eta jendaurrean kantatzeko, makilak eta trikitixa lagun, zero eta lau bat graduko tenperatura iragarpenarekin.
Boisetik atera gabe, bigarren Santa Ageda ospakizun bat ere egingo dute Euskal Herriko Gernikarekin senidetuta dagoen hiri honetan, dagoeneko azteazkenean, otsailaren 4an, berez dagokion Santa Ageda bezpetan, non eta Boiseko Ikastolan. Hemen ere makilak lagun, lurra kolpatuko dute eta ohiko koplak kantatuko, Ikastolako neska-mutikoek eta irakasleek, anima daitekeen gurasoren batekin batera. Kasu honetan goizeko orduetan izango da. Jakina da Euskal Herriko festa eta tradizioetako batzuk biziarazten dituztela Boiseko Ikastolan haurrekin, orain gutxi Donostiako Danborradarekin egin bezala.
Madril eta Valentzia
Tarteko itsasoa zeharkatuz, badira beste bi euskal komunitate Santa Agedaren deialdia eginak dutenak otsailaren 4an. Madrilgo Euskal Etxeak tradizio finkatua du eta EE bertako Abesbatza eta Txistulari Taldea lagun aterako dira kalerik kale Madrilgo Txoko Zar elkartetik, San Nicolas plazan, hiriburu erdiguneko leku esanguratsuetan kantatzeko Euskal Etxera ailegatu arte. Valentziako Euskal Etxeak, berriz, urdin ilunez janztea eskatu die parte hartuko duten bazkide eta lagunei, eta makila eta kantuekin batera, pintxo-potea lagun gauzatuko dute deialdia. Eup!

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


