Sao Paulo, Brasil. 'Casa Guernica' Gobernuz Kanpoko Erakundea antolatzaile, aurten apirilaren 26tik maiatzaren 2ra luzatu da Sao Pauloko Gernika Bizirik Astea. Hasierako programari, beste hitzordu bat gehitu zitzaion, izan ere asteazken honetan, maiatzaren 7an, gauzatuko dena: Gernika Collage Experience erakusketa arratsaldeko 6etan inauguratuko da Sao Pauloko Cervantes Institutuan, André Hellmeister, Cezar Almeida eta Roger Bassetto egile; larunbatean, maiatzaren 10ean, publikoarekin mintzatuko dira aipatu artistak, Cervantesen bertan, goizeko 10etatik ordu 2etara.
Jarduerak Gernikako Bonbardaketaren 88. urteurreneko egunean bertan hasi ziren, eta adierazpen, parte-hartzaile eta publiko anitza batu zituen. Bakearen eta Gernikan hil zituztenen omeneko jarduera Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean egin zen, Sao Pauloko Huerto Florestal izenekoan. Haurrentzako performance bat ere egin programako parte izan zen Lar Sirio eskolan, Ieltxu Ortueta euskal aktorea lagun; eta baita mahai-inguru bat ere, futbola eta euskal nortasuna hizpide, Clio Levi moderatzaile, Pintxos Tabernan.
Omenaldia Gernikako Arbolaren kimuaren ondoan; eskuinean, futbola eta nortasuna, Pintxos Tabernan
Haurrentzako ekitaldia Lar Sirio eskolan, Ieltxu Ortueta aktorearekin
Publikoa partaide, Collage Tailerra eman zuen Maurício Planel-ek eta literatura, euskal jatorriko Ana Estaregui idazle brasildarraren eskutik iritsi zen. Nabarmentzekoa da literatura ekitaldirako goi mailako laguna izan zutela 'Casa Guernica'ko lagunek, izan ere portugesez eta euskaraz aurkeztu zituen bere lanak Ana Estaregui-k baina euskarazko bertsioak Joseba Sarrionandiak euskaratu zituen, propio ekitaldirako. Hori luxua!
Pablo Picassoren koadroa oinarri hartu zuten Collage Tailerrean
Gogora dezagun Gernika Bizirik Astea Ivan Zumalde euskal brasildarrak sortutako 'Casa Guernica'ren ekitaldi nagusia dela. Gernikako Bonbardaketaren urteurrenaren inguruan antolatu ohi da ekitaldia, demokrazia eta bakearen aldeko mezua aldarrikatuz, bereziki zaurtarritasun egoerak eguneroko ogia diren hiri honetako auzoetan.
- Casa Guernica Instagramen, casa.guernica