euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bremengo Euskal Elkartea bizi-bizi ari da euskaltasuna eta gure kulturaren sua belaunaldi berrientzat hauspotzen

2026/02/26

Joan den asteburuan, euskal musika, dantza eta jaiaren lekukotasuna eskaini zuen BEKEk Bremengo antzoki batean OASE dantza jaialdian; martxoaren 22an, Korrika ospatuko eta partekatuko dute euskal bremendarrek hiriko kaleetan
Joan den asteburuan, euskal musika, dantza eta jaiaren lekukotasuna eskaini zuen BEKEk Bremengo antzoki batean OASE dantza jaialdian; martxoaren 22an, Korrika ospatuko eta partekatuko dute euskal bremendarrek hiriko kaleetan

PUBLIZITATEA

Bremen, Alemania. Gogoz eta gustuz dabiltza Bremen-en, izen ofizialtzat "Bremengo Euskal Kultur Elkartea - Baskischer Kulturverein in Bremen e.V." duten euskal elkarteko lagunak euskara eta euskal kultura lantzen Alemania ipar-ekialdeko hiri honetan. Euren artean BEKE deitzen diote elkarte erregistratua duten euskal etxeari eta bidea egina dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean ere euskal etxe gisa ofizialtzeko, eta itxaron-zerrendan egon ostean, seguruenik gertu dago oso Jaurlaritzaren Gobernu-Kontseiluak onartu eta munduko euskal etxeen erregistro ofizialean sartzea.

Bremengo Euskal Elkarteak, 2016an Julen eta Maialenek sortu Facebook orria dauka aurrekari, 2020an "Euskaldunak Bremenen" whatsapp taldea sortu zen, gero Aintzanek "Bremeneko berbalagunak" sortu eta COVID ostean lehen jaia, "Txalaparta jai-piknika", antolatu zuten

Tamaina aldetik elkarte txikia direla diote, "beste batzuekin alderatuta". "Ez gara ez elkarte handia, baina bai aktibo, engaiatu eta langilea", izan ere, harro daude 'txikitasun' horretan ekitaldi programa polit eta bariatua antolatu izanaz joan den 2025ean, tartean topaketak, txistorra eta talo gauak, tailerrak, jarduerak haurrentzat... Euskal kultura belaunaldi berriei eta euren inguru alemanari euskal kultura eta sormena dastaraztea dute helburu, lekukotasuna eskaintzea. Joan den asteburuan bertan, Euskal Herriaren ordezkari izan ziren Bremengo OASE dantza ikuskizunean, oholtza gainera dantzari alemanak, Olivia eta Julenen txalaparta eta alboka eta panderoa, eta Maialenen akordeoiarekin, kalejira bizian, publiko germaniarraren txalo zaparradapean.

"%100 euskaraz funtzionatzen duen atzerriko instituzioetako bat gara". Euskara elkartearen bihotzean jartzearena "gure estatutuen lehenengo oinarrietan ipini nahi izan genuen". BEKE euskal etxe bremendarra oso gutxi barru onar dezake ofizialki Eusko Jaurlaritzak

Euren kideetan, musikari eta txalapartariak dauzkate, trikia eta panderoa jotzen duten aita-alabak (hala baitira Olivia eta Julen), eta garrantzi handia ematen diote euskarari eta euskara normaltasunez jorratzeari, argi baitute giro euskaldun hori lagungarri izango zaiela elkarteko gaztetxoei. "%100 euskaraz funtzionatzen duen atzerriko instituzioetako bat gara. Erdaldunak ere badauzkagu, aktiboki parte hartzen dutenak, baina asanbladak eta barne eztabaida guztiak euskaraz dira, eta hori gure estatutuen lehenengo oinarrietan ipini nahi izan genuen", aitortu diote EuskalKultura.eus-i.

Korrikan partaide

Harremanak dauzkate Alemaniako beste euskal etxeekin, eta gauza batzuk elkarrekin egiteko proposamenetan dira. Bestalde, Korrika ate-joka dator eta, ez diote batere hutsik egingo, ibilbide luzea baitaramate Korrikaren aldeko ekitaldiak egiten, lehen elkarterik gabe eta egun elkartea sustatzaile. Horretan ere elkargarri Korrika, Berlinen, Munitxen, Koblenzen, Bremenen.... Azken xehetasunak zehazteke, Korrika martxoaren 22an izango da Bremenen, xehetasunak hemen joango dira eransten.

BEKEko Zuzendaritza Batzordea:

- Lehendakaria: Dr. Julen Larrucea
- Lehendakariordea: Dr. Leyre Goti
- Idazkaria: Maialen Lopez

- Bremengo Euskal Elkartearen webgunea: https://bremengo.euskaldunak.org
- BEKEren email helbidea: beke@euskaldunak.org



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia