euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Museko Eskualde Hitzordu batez ospatuko ditu Maipú-ko Anaitasunak bere 50 urteak, programa oparo bat abiatuz

2026/02/25

Hainbat euskal etxetako bikoteak lehiatuko dira larunbatean Maipuko Anaitasunan. Mus Eskualde Topaketaren edizio berezi honekin emango diote hasiera elkartearen 50. urteurreneko ospakizunari
Hainbat euskal etxetako bikoteak lehiatuko dira larunbatean Maipuko Anaitasunan. Mus Eskualde Topaketaren edizio berezi honekin emango diote hasiera elkartearen 50. urteurreneko ospakizunari

PUBLIZITATEA

Maipú, Buenos Aires. Maipúko Anaitasuna Euskal Etxeak datorren asteburuan emango die hasiera bere 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiei. Egitaraua abiatzeko, dagoeneko klasiko bihurtzen ari den Museko Eskualde Topaketa bat antolatu dute. Hirugarren urtez jarraian, Ramos Mejía kaleko egoitza berrituak Chacabuco, Cañuelas, Ayacucho, Tandil eta Mar del Platako ordezkariei emango die abegia. Guztira 36 bikote arituko dira jokoan, Maipú bertakoak ere tarteko, erakundearen mende erdia omentzen duen garaikur berezia irabaztea helburu.

1976ko urtarrilean sortu zenetik, musa Anaitasunaren nortasun-ikur nagusietako bat izan da. "Bertako Elorriaga-Lazcano bikoteak Argentina ordezkatu eta Nazio mailakoa irabazi ondoren, 1979ko Munduko Txapelketan lehiatu zen”, gogorarazi dio EuskalKultura.eus-i Euskal Etxeko lehendakari Alicia Ithurrartek. Baina eskualde mailako txapelketa hau egutegi bete baten lehenengo urratsa besterik ez da: apiriletik uztailera bitartean barne-norgehiagoka jokatuko dute, eta abuztuaren 15, 16 eta 17an erronka nagusiari helduko diote, esan nahi baita Argentinako Mus Txapelketa Nazionalaren egoitza bilakatzea.

Txapelketa Nazionala antolatzea ez da nolanahiko lana, ehun lagunetik gora bilduko baitira Maipun. Gainera, logistikak, kanasta txapelketak eta sailkatu ez direnentzako saio paraleloak ere aurreikusten ditu. "Guztiok elkar ezagutzen dugun herriska-arima duen hiria gara; gure indargunea abegikortasuna da, baina lo egiteko eskaintza mugatua denez, gogor ari gara lanean dena ondoen atera dadin", azaldu du Ithurrartek ilusio handiz.

Karta-jokoaz harago, kultur egitarau oparoa agindu du Anaitasunak 2026rako. Urrezko Ezteien karietara, musika, gastronomia eta euskara topaketak, zinema eta dantza emanaldi eta kontzertuak antolatuko dituzte. Gainera, proiektu pedagogiko baten barruan, Gernikako Bonbardaketa oroitzeko mural bat inauguratuko dute. Egitarau zabal honek argi erakusten du, fundatzaileen gogo berberarekin, mende erdira iritsi den erakundearen bizitasuna.

Zorionak, Anaitasuna!



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia