Bartzelona, Katalunia. Sagardotegi tankera hartu zuen larunbatean, otsailaren 21ean, Bartzelonako Euskal Etxeak eta aretoa mukurru alai eta trinko bizi izan zuen 2026ko Sagardo Egun arrakastatsua. Jaia eguerdiko bermutarekin hasi eta bazkari tradizionalarekin jarraitu zuen; arratsaldeak, berriz, bingo musikala, zuzeneko musika eta jaia ekarri zituen. Ekitaldiko irabaziak Korrika bartzelonarra antolatzera bideratuko du Euskal Etxeak; izan ere, erabat murgilduta dabil elkartea euskararen aldeko lasterketan, eta hiriko kaleak martxoaren 21ean ‘laranjaz margotzea’ ipini dio bere buruari helburu.
Izan ere, Sagardo Egunean bertan ipini zituen salgai antolakuntzak, Korrikko korrikalariek lepoan eramango dituzten zapi laranjak. Zapiok Korrikaren egunera arte erosi ahal izango dira Euskal Etxean, osteguneroko pintxo poteetan edo Korrikaren egunean bertan (Jai programa osoa laster argitaratuko dugu, Diasporako gainerako euskal etxeetakoekin batera). Dena den, Bartzelonako Korrikari buruzko informazio eguneratua izateko korrika.bartzelona Instagram kontua ireki du Euskal Etxeak.
‘Ozen i fort’ deialdia
Nobedadeen artean, Euskal Herriko Musika Bulegoak eta 'Fabra i Coats – Fàbrica de Creació' kataluniar elkarteak elkarrekin antolatzen duten ‘Ozen i fort’ egonaldi artistikoaren deialdia helarazi nahi die Euskal Etxeak euskal artistei. 2026ko ‘Ozen i Fort’en parte hartzeko hautatuko den pertsonak musika pieza berri bat garatu beharko du lankidetzan artista katalan batekin, Bartzelonako bi egonalditan (maiatzean eta irailean) eta, amaitzean, lana ‘showcase’ formatuan aurkeztu Kataluniako nazioarteko merkatu profesional batean.
Interesatuek formulario hau betez eman dezakete izena, xehetasunak MusikaBulegoa.eus-ean. Izen-ematea martxoaren 10era artekoa da.
Bartzelonako Euskal Abesbatza
Urte berri honetan, Bartzelonako Euskal Etxeak berriro ere abiarazi nahi du bere abesbatza eta ahots berrien bila dabil. Entseguak astelehenetan dira, arratsaldeko 7:30etatik 9etara, eta baldintzak "belarri ona izatea eta euskaraz ondo ahoskatzea".
- Bartzelonako Euskal Etxea Instagramen, euskal_etxea_bcn
- Bartzelonako Euskal Etxearen webgunea, www.euskaletxea.cat

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


