euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bartzelonako Euskal Etxeak eusten dio euskal artisten erakuslehio katalana izateari; 'Zikló' ostean, 'Etxez etxe' gunea, eta orain Balú

2025/12/04

Süne eta Merina Gris 2025eko Zikló jaialdian. Datorren asteko osteguna, Balú euskal artista gipuzkoarraren txanda izango da
Süne eta Merina Gris 2025eko Zikló jaialdian. Datorren asteko osteguna, Balú euskal artista gipuzkoarraren txanda izango da

PUBLIZITATEA

Bartzelona, Katalunia. Oparoa da oso Bartzelonako Euskal Etxearen kultur agenda eta euskal artistak gustura bertaratzen dira. Elkarteak antolatutako jaialdiak erakuslehio aparta dira Euskal Herriko adierazpen artistikoak erakusteko eta ez dira gutxi urtero Kataluniako hiriburura hurreratzen diren euskal idazle, abeslari eta musikariak, egileak-eta, euren emaitzak Euskal Etxean edo Euskal Etxeak antolatutako elkimenetan jendaurretzera. Aurten, adibidez, Olatz Salvador errezibitu dute –Judit Neddermann-ekin batera–, Merina Gris,  Euskoprincess, Süne eta Maitetxu Mía, euren ikuskizun eta kontzertuekin, Euskal Etxearen diziplina anitzeko jaialdia den ‘Zikló’n, emanaldiak ‘Paral·lel 62’ aretoan eta Euskal Etxean.

Ekimen berritzaileekin jarraituz, azaroaren 29an "Etxez etxe, De Llar en llar" izeneko topaketaren egoitza izan zen Euskal Etxea. Topaketan Bartzelonan bizi diren euskal sortzaileak bildu ziren, kultur gogoeta puxatu eta sustatzeko helburuarekin. Proposamenak 2026an Europan barrena bidaiatzeko helburua dauka, proiektua hedatuz, komunitateak konektatuz eta hiri desberdinen artean kultur zubiak sortuz. Bartzelonan, kultura eta sormen industriak hartu zituen ardatz nagusi. Programari amaiera emateko Janus Lester taldeak kontzertu bat eskaini zuen.

Euskal kataluniar mugimendu kulturala ez da eteten eta aste honetan Mintzodromo batekin egingo dute bat Euskal Etxeko euskara ikasle eta irakasleek Euskararen Nazioarteko Egunarekin (ENE), gaur, ostegun arratsaldez 6:30etan. Eta datorren astean, beste gonbite bat ere badute: gaur zortzi –abenduaren 11an– ‘Gu da gure guda’ liburua aurkeztuko du Balú artista plastikoak. ‘Gu da gure guda’ aforismo liburua da. Lana poesia eta espazio publikoa uztartzeko gaitasuna fauka ezaugarri eta Berlin, New York eta Madril bezalako hirietan aurkeztu du Bartzelonan bizi den euskal artista gipuzkoarrak.

-Euskal Etxearen Instagram kontua, euskal_etxea_bcn
-Euskal Etxearen webgunea, https://euskaletxea.cat



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia