euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Madrilgo Euskal Etxea irakasle bila, egutegia atera du, Olentzero & Mari Domingi hartu eta San Tomas ospatuko du

2025/12/05

Madrilgo Euskal Etxeak 2026ko bere horma-egutegia salgai ipini du dagoeneko , ezkerrean; eskuinean, euskara irakasle baten lan eskaintza
Madrilgo Euskal Etxeak 2026ko bere horma-egutegia salgai ipini du dagoeneko , ezkerrean; eskuinean, euskara irakasle baten lan eskaintza

PUBLIZITATEA

Madril, Espainia. Gero eta hurbilago dagoen abendu amaieran Urte Zaharrari azken agurra eman eta Urtats errezibituko dugu, eta giro horretan ari da murgiltzen Madrilen espainiar hiriko Euskal Etxea. 2026ari begira, dagoeneko plazaratua du datorren urteko horma-egutegia, euskal gaiak dauzkaten argazki koloretsu eta dotorez osatua, eta nahi dutenek erosgai topa dezakete Euskal Etxean edo helbide honetara idatziz. bost euroko prezioan.

Gogoratu, urtero bezala, egutegia Euskal Etxeak antolatutako Argazki Lehiaketako irudiek edertzen dutela, bana hilabete bakoitzeko, eta lehiaketako irabazleak hauexek izan zirela: lehenengo saria, Junkal Susperregik bereganatu zuen ‘Sagardo sagarrak’ izenburuko argazkiarekin; bigarrena, Mikel Fernández-i egotzi zitzaion, ‘Zurriola’ lanarekin; eta hirugarren saria Maider Gardokik eraman zuen ‘Kultura batuak’ argazkilanarekin. Irudi guztiak Euskal Etxearen weborrian jarriko dira ikusgai abendu honetan bertan.


Madrilgo Euskal Etxearen 2025eko Argazki Lehiaketaren lehenengo eta bigarren sariak

Azpimarra dezagun, bestalde, datorren urteari begira lan eskaintza bat ere baduela euskal etxe madrildarrak. Izan ere, irakasle baten bila dabil. Eskaintza A1 eta A2 mailetako eskolak emateko da, aurrez aurre, astearte eta ostegunetan, arratsaldeko 6etatik 10etara, lehenengo seihilekoan, hau da, urtarriletik ekainera. Betekizunak, C1 titulua egiaztatzea, autonomoetan alta emanda egotea eta irakaskuntza alorrean esperientzia izatea. Interesa duenak euskaltegi@euskaletxea-madrid.com helbidera bidali behar du bere kurrikuluma.

ENE eta Euskal Orfeoia

Joan den asteazkenean, Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zen munduko hainbat eta hainbat euskal etxetan eta Madrilgoa, eta bertako euskara ikasleak, ez ziren besoak gurutzatuta geratu. ENEko ospatzeko, "Red Bay" euskarazko film laburra ikusi zuten ikasle eta irakasleek, goiz eta arratsaldezko txandetan. José A. Cortés zuzendaria eta Iñigo Elzo eta Cesare Maglioni aktoreak ere bertan izan ziren ikasleekin solastu eta euren galderak erantzuteko.


Euskararen Eguna ospatzeko 'Red Bay' film laburra proiektatu zen Madril Euskal Etxean

Datorren astean, berriz, musika nagusituko da proposamenen artean Euskal Etxeko Orfeoiak Gabonetako Kontzertua eskainiko baitu. "Dizdizka Zeruan" izenburupean, abesbatzako zuzendari berria den Marta Pilar Hernandok zuzenduko duen lehen emanaldia izango da. Hitzordua ostegunean da, abenduak 11, iluntzeko 8etan, San Inazio elizan (Principe kalea 31). Ezin aipatu gabe utzi urtero sasoi honetan ilusioz beteta datorren beste hitzordu bat, Olentzero eta Mari Domingiren bisita, aurten abenduaren 13an. 11:30ak inguru, haurrak, gurasoak, dantzariak eta parte hartu nahi duten guztiak plazara bilduko dira hain gonbidatu agurgarriak agurtu ahal izateko.

Abenduaren 20ra arte, Javier Gonzalez Ramos artista plastikoaren ‘Ametsak’ erakusketa egongo da ikusgai Euskal Etxean. Madrilen jaioa, Gonzalez Ramosek proiektu artistiko ugaritan hartu izan du parte eta bere lanak nazioarteko azoka eta galerietan ikus daitezke, harrera ederrez kritikaren zein publikoaren aldetik Madril, Londres eta Paris bezalako hiriertan. Eta urteko jardueren azkena markatuko duen festa, urtero Euskal Etxeak ospatzen duen San Tomas izango da, abenduaren 20an, ohiko Urbizuko txistorra eta ardoarekin. Gogoratu egun horretan ateak zabaldu egiten dizkiela Euskal Etxeak madrildarrei, bere egoitzara hurbildu eta otordu bikain hori parteka dezaten EEko bazkide eta lagunekin. Horrez gain, abenduaren 22ko Athletic-Español futbol partida segitu nahi dutenek ere hitzordua izango dute, urteari behar ebzalako bukaera ematen.



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia