Bartzelona, Katalunia. Ardaxka argitaletxe berriak behar jakin bati erantzuteko jaio dela esanez aurkezten du bere burua: Euskal Herritik kanpo eta euskaraz irakurri nahi duten euskaldunei liburuak eskura jartzea dauka xede. Duela sei hilabete eskas argitaratu zuen argitaletxeak bere lehenengo liburua eta bere buruari ezarri dion erronka batere txikia ez bada ere, abiatua da dagoeneko eta lehenengo urratsak emanda dago, eta irakurleen erantzuna ezin hobea ari da izaten, azaldu dio EuskalKultura.eus-i.
Ardaxkaren liburuan Amazonen eros daitezke eta dagoeneko biltzen dituzte Lauaxeta, Bizenta Mogel, Txomin Agirre edo Kirikiñoren tituluak, baita euskaratutako obrak ere, Emile Zola, Oscar Wilde edo Edgar Allan Poe-renak...
Teknologia berriek eskaintzen dituzten sare eta baliabideei esker, Ardaxkak ez du bulego fisikorik. Argitaletxearen sortzaileetakoa den Martin Besné-k esan digunez, “proiektua aurrera eramateko pertsona askok eskaini diote orain arte euren denbora proiektuari, Diasporan barrena, Bartzelona, Frantzia, Italian, Londresetik... Horregatik ez bulego fisikoak ez gaitu batzen, hizkuntzak baizik, euskara eta literatura ardatz dituen proiektuak”, adierazi digu argitaletxeko editore buru denak.
Harremanak euskal etxeekin
Proiektua lehen urratsetan egonik, ez dute oraindik denbora hartu munduko euskal gizatalde eta pertsona askorekin harremanetan jartzeko. “Orain arte, Bartzelonako Euskal Etxearekin harremandu eta aritu izan gara lankide, izan ere ni neu Bartzelonan bizi nainaiz, eta hortik hastea errazagoa zitzaidalako. Hala ere, hasi genuen momentutik argi geneukan euskal etxeak funtsezkoak direla euskarazko literatura mundu osora zabaltzeko lanean eta apurka guztiekin lan egiteko prest eta gogoz gaude”.
Bartzelonako Euskal Etxearekin, Sant Jordi egunean antolatutako ekimenean hartu zuten eta prest dago taldea,ildo horri eutsi eta munduko euskal etxe gehiagorekin lan egiteko. “Talde txikia gara, eta ez dakigu, adibidez, zein egun edo jaiegun diren garrantzitsuak Argentinan, Australian edo Japonian, ekimena aurkeztu eta liburuak erakusteko". "Beraz lerro hauek irakurtzen ari den norbaitek proposamen edo ideiaren bat bidali nahi badigu, ongi etorria izango da. Gure emaila ardaxka@liburuak.eus da”, gonbidatu du.
Online eskaintza
Ardaxka argitaletxearen liburuak Amazonen erosi eta eskaerak munduko edozein txokotatik egin daitezke. Aitortzen du Besné-k, orain arte liburu gehienak AEBra bidali dituztela, baita ere Euskal Herrira, eta Frantziako eta Espainiako herri eta leku hainbatera. Alemania eta Kanada ere agertzen dira ‘Ardaxka’ren mapan.
Euskarriari dagokionez, paperezko liburuek lehentasuna dute euren proiektuan eta liburuak paperean argitaratuko dituzte. “Hori da gure abiapuntua eta proiektu honen funtsa: liburuak paperean eta euskaraz, munduko euskaldunen eskura jartzea. Hala ere, badakigu irakurle askok formatu digitalak eta gailu elektronikoak erabiltzen dituztela eta horregatik baditugu zenbait liburu ebook formatuan ere, eta asmoa da gure bilduma osoa pixkanaka digitalizatzea”, aurreratu du argitaldariak.
Argitaletxearen liburu bilduma www.liburuak.eus webgunean topa daiteke.
- Ardaxka Instagram-en, ardaxka argitaletxea