euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gure danborradak, dantza eta gastronomia lagun, euskal kutsua partaide Buenos Aires probintziako inauterietan

2026/02/24

Lapridako Lagunen Etxea eta Tandilgo Gure Etxea EEetako konpartsek euskal doinu eta dantzekin alaitu zituzten kaleak. Magdalenako Ongi Etorri eta Gral. Belgranoko Gure Etxea-ko lagunek, berriz, euskal zaporeak zabaldu zituzten inauterietan
Lapridako Lagunen Etxea eta Tandilgo Gure Etxea EEetako konpartsek euskal doinu eta dantzekin alaitu zituzten kaleak. Magdalenako Ongi Etorri eta Gral. Belgranoko Gure Etxea-ko lagunek, berriz, euskal zaporeak zabaldu zituzten inauterietan

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Otsaileko jai-egutegiak arrasto ederra utzi du otsail honetan Buenos Aires probintzian, izan ere, zenbait euskal etxe gogotsu murgildu baitira Inauteri ospakizunetan. Horren adibide lau euskal etxeren partaidetza ekarri dugu lerrootara, Tandil, Magdalena, Laprida eta General Belgranon. Tandilgo Gure Etxeak, konparazio, adin guztietako kideek osatutako konpartsa aurkeztuta lehen aldiz. Hilaren 16an, astelehen iluntzean, buruhandi bat gidari eta danbor zein upel soinuek lagunduta, Sarmiento kalean gora ibili ziren Lantzeko inauterien estetika gogora ekarriz. Euskal Etxearen aurrealdean, Joaquín Iacovella danboir nagusi, Donostiako Danborrada entzun zen, eta euskal dantza tradizionalak eskaini ziren: jauziak, fandangoa eta arin-arina. Debutari amaiera biribila emateko, txistorra, legatza eta oilaskoa piperradarekin dastatu zituzten kalimotxoa edari, hurrengo urteetarako bidea ondo irekita utziz.

Bestalde, Magdalenako Ongi Etorri euskal etxeak sukaldeko eskaintzari esker hartu zuen protagonismoa herriko korsoan. Bi egunez, egoitza dotore jantzi zuten ikurriñaz inguruko herrietako —Verónica, Berisso eta Ensenada, besteak beste— konpartsei harrera egiteko. Astelehenean, elkarteko neska gazteek bereganatu zuten plater-feriaren ardura; eta asteartean, helduen txanda izan zen. Jende asko hurbildu zen Euskal Etxera eta Etxeko sukaldari taldeak prestaturiko bondiola xehatuak arrakasta itzela lortu zuen bizilagunen artean, festako izar bihurtuz.

Lapridako Lagunen Etxea ere estreinekoz aritu zen Eskualdeko Inauterietan, eta haien partaidetza ez zen batere oharkabean igaro. Roberto Fredesen zuzendaritzapean, eta elastikoa soinean, lepoan zapia eta buruan txapela jantzirik, danbor eta upel konpartsa herriko kosmodromoko oholtzara igo zen. Bi gauez desfilatu ostean, ikusleen txalo zaparrada ez ezik, Udalaren "Aipamen Berezia" ere jaso zuten. Lorpena ospatzeko, konpartsakideek afaria polita egin zuten Euskal Etxean, itxaropen guztiak gainditu dituen debutaren alde topa eginez.

Azkenik, General Belgranoko Gure Etxeak euskal zaporeak zabaltzearen aldeko apustua egin zuen asteburu luzean zehar. Hainbat gunetara eraman eta jarri zuten euren jan-edari postua: Tango eta Folklore Jaialdi Nagusian hasi, eta Plaza 1º de Agosto-ko korsoan zein Mega Tropical jaialdian amaitu. Txistorra bokatek, kalimotxoak eta artisau-garagardoak ez zuten batere hutsik egin. Lau eguneko lan eskerga honek herriko kultur agendan bete-betean integratzeko aukera eman dio Euskal Etxeari, euskal tradizioa eta bertako jai-giroa ezin hobeto uztartuz.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia