Buenos Aires, Argentina. Lehenengo erakundea izan da Buenos Airesko San Martingo Unibertsitate Nazionala (UNSAM) Etxepare Euskal Institutuaren sarean euskara irakurletza bat, Katedra bat —Amale Artetxe Katedra— eta ikerketa-programa propioa instituzio berean elkarretaratzen, erreferente nagusi bihurtuz Hego Konoko eta nazioarteko Euskal Ikasketetan. Pauso hori emanik, ekoizpen zientifikoan beste urrats estrategiko bat ari da ematen orain, gonbitea luzatuz ikasle, irakasle eta ikertzaileei euskal migrazioari eta erbesteari buruzko bloke berezi batean parte har dezaten, Río Cuarton (Córdoba) 2026ko irailaren 23tik 26ra egingo diren Historia Sailetako XX. Eskolarteko Jardunaldietan
Euskal migrazio eta exilioari eskainitako gune hau —Europa zein Amerikarako mugimenduak aintzat hartuko dituena— 109. mahai tematikoaren barruan txertatuko da "Migrazioak, desterruak, kanporatzeak eta itzulerak: mugikortasuna eta identitateak mundu hispanikoetan (XIII-XX mendeak)" izen orokorpean. Lanen koordinazioaz arduratuko den taldea Elisa Casellik (UNSAM), Ofelia Rey Castelaok (Santiago de Compostelako Unibertsitatea) eta Facundo Garcíak (Mar del Platako Unibertsitate Nazionala) osatzen dute.
Parte hartu nahi duten lagunek martxoaren 1era arteko epea daukate laburpenak koordinatzaileei zuzenean bidaltzeko. Lanak banaka zein binaka aurkez litezke (gehienez bi egile ponentzia bakoitzeko), eta egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du guztira. Laburpenak bidaltzeko edo aurkezpen-arauei buruzko edozein zalantza argitzeko, interesdunek helbide hauetara jo dezakete: ecaselli@unsam.edu.ar, ofelia.rey@usc.es edo facundodgarcia@gmail.com.
UNSAMeko ikerketa-programaren helburu nagusia azterketa-lerro berriak zabaltzea da. Horretarako, diziplina eta sail akademiko desberdinak uztartu nahi ditu, aliantza berriak josi eta egonaldi akademikoetarako aukerak sortu. Finean, euskara eta euskal kultura ikertzeaz gain, Euskal Herriak Argentinan duen presentzia sakonago aztertzeko helburupean ari dira..

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


