Koblenz, Alemania. Joan den maiatzean Eusko Jaurlaritzaren EE onarpen ofiziala jasotako Txengel Etxeak irmo jarraitzen du euskara eta euskal kultura zabaltzen Koblenz hirian eta inguruko eskualdean. Helburu horrekin urtebete baino ez duen elkarteak mota askotako ekintzak prestatu ditu 2025ean zehar burutzeko, tartean Koblenzko Unibertsitatearekin batera egin berria duen Asier Altunaren ‘Karmele’ (2025) pelikularen proiekzioa. Ekitaldian Euskal Etxeko musikariek pelikulan entzuten diren bi pieza jo zituzten: Aita Donostiaren ‘Oinazez’ eta Aitor Etxebarriaren eta Irene Prietoren ‘Karmele’.
Berrogeita hamar bat lagun bertaratu ziren ‘KUFA Kulturfabrik’ kulturgunera emanaldian parte hartzeko, haien artean, Koblenzeko Udaleko buruzagiak eta herriko kultur elkarteetako ordezkariak. Proiekzioaren ostean, Altuna publikoarekin solastu zen eta Karmele Urrestiri eta pelikulak oinarri hartu zuen Kirmen Uriberen ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ nobelari buruzko galderak erantzun zituen.
Ekitaldiaren bideo-laburpena (irudiak, Euskal Etxea)
“Horrez gain, filmazioan zehar Karmeleren familiarengadik jasotako laguntza eta pelikulan musikak nola markatzen duen erritmo emozionala nabarmendu zuen zuzendari bergararrak”, jakinarazi dio EuskalKultura.eus-i Txengel Etxeko lehendakaria den David Lopez Larequik. “Euskara eta euskal balioak bizirik mantentzeko Karmeleren garaiko emakumeek egindako ahalegin handia ere gailendu zuen Altunak”, azpimarratu dio Lopez Larequik EuskalKultura.eus-i.
2026ko Kulturstufen
Koblenzko Kulturstufen Udako Kontzertu zikloa ekainaren 17an hasi zen eta abuztuaren amaierara arte luzatuko da. Aurtengo artisten artean, Txengel Etxea EEko musika ensanblea egongo da eta nobedade batekin gainera. “Errepertorio berria taularatuko dugu, geure konposizioren bat tarteko, alboka eta txalaparta luzitzeko propio egindakoak”, aurreratu du EEko lehendakariak. Kontzertuak 45 minutu inguru iraungo du eta uztailaren 22an izango da, iluntzeko 7etan. Musika irlandarra egiten duen Crumb Valley taldeak egun berean joko du eta “agian, sorpresatxo bat” prestatuko dute taldeek Schloss jauregira bertaratzen den publikoarentzat.
- Koblenzko Euskal Etxea Instagramen, txengeletxea
- Kontaktatzeko helbide elektronikoa, info@txengeletxea.de

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


