Mexiko Hiria, Mexiko. Bilboko ‘Caostica’ Film Laburren eta Bideoklipen Nazioarteko Jaialdia erreferente da ikus-entzunezkoen arloan Euskadin zein Espainia mailan. Caostica Elkarteak antolatzen du urtero eta genero anitzeko film laburrak eta bideoklipak saritzen ditu, bereziki istorio fantastikoak, komedia eta umore beltza jorratzen dutenak. “Caostica zinema jaialdian parte hartzen duten lanak aski ‘ganberroak’ ohi dira; hori da gure berezitasuna, saritzen ditugu arriskuak hartzen dituzten lanak”, argitzen dio Elkarteko zuzendarietako bat den Xabier Uriak EuskalKultura.eus-i.
Elkartea sortu ondotik zinemaldiaren 24 edizio antolatu ditu Caosticak eta zalantzarik ez da urteotan egindako lanak fruituak ekarri dituela: Espainiako Zinema Arteen eta Zientzien Akademiak Goya Sarien 41. edizioan "jaialdi sailkatzaile" izendatu zuen (Euskadin beste bik baino ez dute kalifikazio hori). Baina horrez gain, hamar urte daramatza Caosticak Mexiko Hiriko ‘Macabro’ Beldurrezko Filmen Nazioarteko Jaialdian era xume batean parte hartzen eta bere tituluetako batzuk proiektatzen. Partaidetza txiki horrek izandako arrakastak bultzaturik, ordea, zinemaldi bilbotarraren atal ofizial osoa proiektatuko dute orain hiriburu aztekan.
“Hamar urte hauetan jaialdiaren film labur onenak ekartzen genituen Mexikora, baina bertako publikoari gutxi iruditzen zitzaion. Egiari zor, oso harrera ona izan du beti gure materialak. Horregatik erabaki dugu Bilboko selekzio osoa ematea hemen, 58 film labur, mundu osotik jasotako 800 lan baino gehiagoren artean hautatuak”, azaltzen du Uriak. Euskadi/Espainiako ekoizpen etxeek Latinoamerikarekin egiten ari diren akordioek Caostica MX egiteko baldintzak erraztu dituela ere aitortzen digu zuzendariak. Caóstica MX abuztuaren 25etik 28ra izango da Mexiko Hiriko Tonalá Zine Aretoan.
Baina hori ez da, hala ere, nobedade bakarra. Hiru sari berri ere banatuko ditu Caóstica MX festibalak: Latinoamerikako lan onena, Latinoamerikako epaimahai batek hautatua; publikoaren saria, ikusleek hautatua; eta Euskal Lan Onenaren Saria, sei euskal etxe latinoamerikarrek hautatua. Proposamenean babesle eta lankide izan dira Mexikoko Euskadiren Ordezkaritza, Etxepare Euskal Institutua eta Mexikoko Mondragon Unibertsitatea.
Film laburren proiekzioa euskal etxeetan
Bederatzi euskal film laburrek hartuko dute parte Caostica MX festibalaren lehenengo edizioko ‘Euskal Etxeen Sarian’. Euskal etxeetako kide eta lagunek izango dute filmak ikusteko eta onenak aukeratzeko ardura. Lehenengo proiekzioa, joan den uztailaren 1ean egin zen Txileko Santiagoko Euzko Etxean. Orain, parte hartuko duten Hego Amerikako beste hiriburu batzuetan erakutsi eta bozkatuko beharko dute bertako bazkide eta lagunek, honako leku eta ordutegietan:
- Txileko Euskal Gizataldea Euskal Etxean, Santiagon, uztailaren 3an, 19etan
- Mexiko Hiriko Euskal Etxean, uztailaren 9an, 20etan
- Buenos Aireseko Euskaltzaleaken, uztailaren 17an, 20etan
- Montevideoko Euskal Errian (data finkatzeke)
- Limako Euskal Etxean (data finkatzeke)

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



