euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal etxeen ahotsa Argentinan: bertako eta Euskal Herriko euskal kultura eta aktualitatea irratian eta podcastetan

2026/07/03

Azuletik, La voz de los Vascos; Trelew-tik, Euskal Berria; Cipollettitik, Baskos y Punto; eta Paranatik, Presencia Vasca  dira diasporak Argentinan ekoitzitako irratsaioak
Azuletik, La voz de los Vascos; Trelew-tik, Euskal Berria; Cipollettitik, Baskos y Punto; eta Paranatik, Presencia Vasca dira diasporak Argentinan ekoitzitako irratsaioak

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Irratia bide eraginkorra da oraindik ere Argentinan euskal kultura zabaltzeko eta hango komunitatea sendotzeko. Euskal etxeen baitan sortutako proiektuei esker, belaunaldi desberdinetako euskal-argentinarrek elkarrizketarako guneak eraikitzen dituzte; bertan topo egiten dute historiak, euskarak, musika tradizional zein garaikideak eta Euskal Herriaren aktualitateak. Saio hauek, aldi berean, plataforma digitaletara eta podcast formatura egokitu dira, bertako entzuleentzat zein mundu osokoentzat lotura zuzena bihurtuz.

Paraná hiritik (Entre Ríos) emiititzen den Presencia Vasca saioa herrialdeko euskal gizataldearen beteranoena da, 36 urte baino gehiagoko etenik gabeko ibilbidearekin. Urrundik Euskal Etxeari estuki lotuta dago eta Federico Borrásek eta Santiago Erguyk gidatzen dute. Igandero izaten da entzungai, Argentinako 11etatik 12etara, Paranáko FM 105.7 Unibertsitate Irratian eta fmuniversidad.com webgunean. Saioak Euskal Herriko zein diasporako politika, musika, literatura eta arte munduko elkarrizketak eskaintzen ditu, komunitatearen hitzordu nagusien jarraipena egiteaz gain. Sarean topatzeko, Facebooken: Presencia Vasca Paraná, eta Instagramen: presenciavasca.

Patagoniatik, Trelew-en egoitza duen Chubut Ipar-ekialdeko Haraneko Euskal Etxeak Euskal Berria irratsaioa ekoizten du. Hiru urte daramatza airean astero, eta Andrea Criado, Ignacio Esquiroz, Maite Caracotche eta Natalia Suarez Caminoaren eskutik dator. euskara, historia, albisteak eta euskal diaspora mailako bertako nahiz nazioarteko elkarrizketa esklusiboak jorratzen dituzte. Zuzenean astearteetan emititzen dute, Argentinako 15etan (Euskal Herriko 20etan), AM 580 LU20 Radio Chubut irratiaren eta radiochubut.com webgunearen bidez; atal guztiak Spotify plataforman ere biltzen dituzte.

  
Euskal Berria taldea LU20 Radio Chubut-eko zuzendari Mariana Pérez Lucesekin batera

Buenos Aires probintzian, Azulgo "Gure Txokoa" euskal etxeak La voz de los Vascos saioa bultzatzen du. Elkarteko erreferente María Inés Etchevers Aizpiri esatari, saioak osotasunean jorratzen ditu gastronomia, zinema, musika eta euskara bezalako gaiak. Duela bost urtetik, ostiraletan izaten da entzungai, 16etatik 17etara, FM Radio Pública Municipal 87.9 MHz katean zein online, udaleko web orrialdean. Hamabostean behingo saioa denez, hurrengo ostiralean ordu berean errepikapena ematen dute. Aurtengo hamargarren eta azken emankizunean, garrantzi instituzional handiko gaiak landu zituzten; besteak beste, Diasporaren Lege berriaren Aurreproiektua, Kepa Junkera musikariaren gaur egungo egoera eta kirol aktualitatea. Entzuleek +54 9 2281 310778 WhatsApp zenbakia dute harremanetan jartzeko.

Azkenik, azoketan eta ekitaldietan euskal kulturari eta ohiturei buruz egiten diren ohiko galderei erantzuteko asmoz, Río Negroko Baskos de la Confluencia euskal etxeak Baskos y Punto podcasta ekoizten du Cipollettin. Pedro Mario Arana Urionabarrenetxeak, Gabriela Allariak eta Maite Aranak osatutako taldeak proiektua 2024an abiarazi zuen, eta dagoeneko 23 atal argitaratu ditu. Hilabeteroko saioak 10 minutuko formatu laburra du eta Spotifyn dago eskuragarri. Mitoak, literatura, jaiak, tradizioak eta pertsonaia historikoak aztertzen dituen podcast honek atal berezi bat eskainiko die "Gerrako haurrei" (Espainiako Gerra Zibilean ebakuatutako haurrei) hurrengo atalean, 24. saioan, hain zuzen.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia