euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaurlaritzaren onarpen ofiziala jaso berria duen Txengel Etxeak egitarau zabala gauzatuko du urtea amaitu aurretik

2026/05/21

Koblenz-eko Txengel Etxeko musikariek euskal soinuak eraman zituzten Frankfurten egin zen ‘Cider World 2026’ jaialdira
Koblenz-eko Txengel Etxeko musikariek euskal soinuak eraman zituzten Frankfurten egin zen ‘Cider World 2026’ jaialdira

PUBLIZITATEA

Koblenz, Alemania. Urtebete baino ez dauka Alemaniako Koblenz-ko Txengel Etxeak baina epe honetan trinko egin dute lan kideek erakundeak ahalik eta oinarri sendoenak izan ditzan. Gogor saiatzea fruituak hasia da ematen, tartean da aste honetan elkarteak Eusko Jaurlaritzaren onarpen ofiziala jaso izana. Gobernu Kontseiluak oniritzi hori eman ondoren, Buletin Ofizialean argitaratu bezain laster, bihar bertan agian, izango dira ofizialki munduko euskal etxeen erregistro ofizialeko parte eta harreman zuzena izan ahalko dute Jaurlaritzarekin zein munduko gainerako euskal etxeekin, edo aukera izango dute, esateako, datorren urtean Euskadin egingo den Euskal Gizataldeen Mundu Batzarrean.

Euskal kulturari eta euskarari garrantzia eta ikusgarritasuna ematea da Euskal Etxe berriaren helburu nagusia herri mailan eta hala suertatzen bada Alemania osoan. Eta helburu horrekin egitaraua polita antolatu du David Lopez Larqui buru duen taldeak urtea bukatu arte garatzen joateko. Programa honetako lehenengo ekintza ‘Karmele’ filmaren estreinaldia izango da, ekainaren 25ean.


Asier Altuna zuzendariaren bisita eta 'Karmele' (2025) filmaren proiekzioaren bannerra

Koblenz-ko Unibertsitatearen babesa ere izango duen ekitaldi hau musika saio batekin hasiko da. David Lopez Larequik berak joko ditu pianoan pelikulako bi abesti. Filma bere euskarazko jatorrizko bertsioan proiektatuko dute ingelesezko azpitituluekin, eta berau pantailaratu eta gero Asier Altuna zuzendariarekin hitz egiteko aukera izango du publikoak. Gogoratu Altuna aurkezpen bira bat ari dela egiten maiatzaren amaiera arte Estatu Batuetako dozena bat hiri eta euskal etxetan barrena. Konblenz-ko hitzorduak Kulturfabrik-en izango da (Mayer-Alberti-Straße 11), arratsaldeko 6etan (17:30ean irekiko dira ateak).

Txengel Etxeak ez du atsedenik hartuko udan eta uztailean elkarteko musikariek bertako herriak antolatutako Udako Musika Saioetan hartuko dute parte. Errezitalak Schloss jauregiaren atzean egingo dira. Abuztuaren 9an, berriz, ‘Rhine in Flames’ (Rhin sutan) izeneko jaialdian joko dute. Jaia herriko garrantzitsuena da —”Iruñean Sanferminak diren bezala”, alderatu du Lopez Larequik— eta Deutsches Eck-en edo ‘Izkina alemanean’ ezarritako tauletan izango da ikuskizuna.

Programarekin jarraituz, irailaren 19an ‘Euskulinary’ sukaldaritza ekitaldia antolatuko du Euskal Etxeako sukaldari taldeak. 30 bat lagunentzako goi mailako menu bat prestatuko dute. Eta dagoeneko konfirmatuta dauden beste ekintzen artean, azaroaren 29an, Gabonetako Azokan hartuko dute parte, iaz bezala, stand batekin.

Oso elkarte gaztea izan arren harreman estuak josi ditu Txengel Etxeak Alemaniako gainerako euskal etxeekin, Berlingoarekin, eta baita asten honetan bertan Eusko Jaurlaritzaren onarpena jasotako Bremengoarekin ere; hurbiltasunagatik, gainera, Bruselako (Belgikan) Euskal Etxearekin ere koordinatu da Txengel Etxea hainbat aktibitate antolatzeko. Izan ere, hiri eta eskualde mailan leku bat ari da egiten Euskal Etxea eta, konparazio, Euskal Herriko ordezkari hartu zuen parte Frankfurten apirilean eginddako ‘Cider World 2026’ jaialdian. Gipuzkoa izan da aurten nazioarteko sagardo topaketa honetako lurralde gonbidatua, eta Txengel Etxeko musikariek txalaparta eta adarrak jo zituzten bertan.


JoHo Schängel Fundazioko Hofmann-Göttig doktorea eta David Lopez diru laguntza emate sinbolikoan

Komunitatean txertatze horrek ikusgarritasuna ez ezik tokiko erakundeek eskaini ohi dituzten diru laguntzak jasotzeko aukera gehiago ematen dizkio talde berriari. “Gernikako Bonbardaketaren urteurrenaren ospakizuna egin ahal izateko, adibidez, Schängel Fundazioaren dirulaguntza bat jaso genuen. Eta oso harro gaude, erakunde horrek dirua emateko aukeratu zituen hamaika proiektuen artean, Euskal Etxea bigarren postuan geratu baitzen diru kopuruari dagokionez”, azaldu dio Lopez Larequik EuskalKultura.eus-i.

“Harro eta oso eskertuta gaude", adierazten du. "Ez da erraza izan, lan handia dago honen guztiaren atzean, ate asko jo behar izan ditugu, eta ordu asko sartu, baina emaitza bistan dago eta gaur egun oso ondo gaude kokatuta gure komunitatean”, baitesten digu Txengel Etxeko lehendakariak.

- Koblenzko Euskal Etxea Instagramen, txengeletxea
- Kontaktatzeko helbide elektronikoa, info@txengeletxea.de



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia