Macachín, Argentina. Afari jendetsu batekin borobildu dute Macachíngo Euzko Alkartasuna-Unión Vasca euskal etxearen 66 urteko ibilbidea zehatz-mehatz biltzen duen trilogiaren hirugarren eta azken liburukiari harrera egiteko ekitaldia. Joan den larunbatean, euskal etxe pampatarrak 460 bat lagun bildu zituen omenaldiak eta dantzak partaide, emozioa eta harrotasuna nagusi izan ziren topaketa batean. Iñaki Unamunok berak aurkeztu zuen Acciones para afianzar las costumbres y tradiciones vascas (Euskal ohitura eta tradiziok sendotzeko ekimenak) lana, Macachingo Udalerriko Kontseilu Deliberatzailea erakundeak udal interesekoa izendatua. Horrez gain, Macachíngo euskal elkarteko lehendakari eta arima denak "La Pampa probintziako herritar prestu" izendapena jaso zuen Sergio Ziliotto gobernadorearen eskutik, "bizi osoko lan iraunkorragatik".
Elkartearen memoria bertaratu eta bereziki hezurmamitu zen EEko lehenengo Kultura Azpibatzordeko kide eta Gure Ametza dantza taldeko bultzatzaile izandako lau emakumeri —Hilda Garmendia, Mabel Flores, Lore Pacha Iruretagoyena eta Perla Fernández— egindako omenaldian. Kirol arloari dagokionez, Alberto Elio Aguirrezabala muslari eta euskal etxeko sortzailearen irudia ekarri zuten gogora haren omenezko Mus txapelketaren bidez; finala Cañuelasko Angel Poncek eta Raul Valobrak eta Mar del Platako Luis Vicentek eta Jose Carlos Parodik jokatu zuten.
Sara Pagola, Iñaki Unamuno eta Euzko Alkartasunako bazkide fundatzaile Susana Peña

Euskal dantzak trilogiako azken liburuaren aurkezpeneko afari jendetsuan
Instituzioen babesa agerian geratu zen bertako eta probintziako agintari nagusien presentziarekin, tartean Martin Edgardo Mujica alkatea, Pablo Álvarez Lucero eta Saúl Echeveste La Pampako Kulturako eta Turismoko idazkariak hurrenez hurren, eta Celeste Rivas diputatua. Komunitate mailan, Euskadiren Argentinako eta Uruguaiko ordezkari Sara Pagolak bat egin zuen jardunaldiarekin, eta Euskadi Globala egitasmoaren lan-ildoak azaldu zituen arratsaldean, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Ekintzarako estrategia berriak diasporari ematen dion garrantzia nabarmenduz.
Iosu Pacha Iruretagoyena macachindarrak FEVAren izenean hartu zuen hitza. Izan ere, topaketak agerian utzi zuen Macachinen beste euskal etxe batzuekin daukaten lotura estua, urrunago joan gabe Santa Rosa, Villa María, Chascomús, La Plata, Laprida eta Ayacuchoak ordezkariak hurbildu baitziren bertara, baita Bahía Blancakoak ere. Azken hauen Beti Aurrera taldeko dantzariek eta Gure Ametzako anfitrioiek oholtza konpartitu zuten, Pampako lurretan euskal diasporarentzat esanahi handikoa eta gogoangarria izan zen gauari amaiera bikaina emateko.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


