euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bruselako euskaldunek Neomak-ekin gozatu eta orain Gazte Eguna ari dira prestatzen, trikipoteoa, jokoak eta festa barne

2026/05/14

Euskal tradizioa eta modernitatea batzen dituen Neomak 'Festa Festival'en aritu zen. Laukian, Bruselako Gazte Eguneko bannerra
Euskal tradizioa eta modernitatea batzen dituen Neomak 'Festa Festival'en aritu zen. Laukian, Bruselako Gazte Eguneko bannerra

PUBLIZITATEA

Brusela, Belgika. Hiriburu belgikarra 2026ko ‘Festa Festival’ izeneko jaialdiaren egoitza izan zen joan den larunbatean, maiatzaren 9an. Bruselako Casal Català eta Espai Valencià-Bèlgica erakunde ahaideekin bat egin zuen ‘Correllengua Agermanaten(katalanaren aldeko gure Korrikaren moduko ekimena) inguruan. Community Centre De Vaartkapoen kulturgunean, hiru elkarte hauek ordezkatzen dituzten beste hainbeste musika talde igo ziren oholtzara: Jazzwoman rapero valentziarra, Ses Bísties de Mongofre talde menorcarra eta popa, folka eta musika elektronikoa batzen dituen Euskal Herriko Neomak.

Kontzertua arrakastatsua izan zen oso eta hizkuntza gutxitu hauen hiztunek ez ezik publiko orokorrak disfrutatu ahal izan zuen kalitate handiko ikuskizunarekin. Baina udaberriarekin batera mugimendu handiko egunak ere iritsi dira Bruselako euskal komunitatera eta pare bat aste baino ez dira falta egutegiko bere hitzordu garantzitsuenetako, Gazte Eguna, izan dadin. Euskal Etxea lagun, Bruselako Gazte Taldeak egin du deialdia maiatzaren 30erako. Bruselako Gazte Eguna larunbat goizez hasiko da Saint Gilles auzoan egingo den trikipoteoarekin; ondoren herri bazkaria egindo dute bildutakoek, gero gazte jokoak egingo dira; eta eguna bukatzeko, festa garai guztietako euskal musikarekin. Sarrerak hemen.

Udan bertan gelditu behar dutenek zein Euskal Herrira joateko aukera daukatenek, jaietarako sasoian egoteko, beste proposamen bat ere luzatu du beste bi asteren bururako Bruselako Euskal Etxeak. Izan ere, ekainaren 13an, sekula euskal dantza egin ez dutenentzat eta baita dantzari trebeak direnentzat ere Dantza Tailerra eskainiko du, arratsaldeko 3etatik 6etara. Ekintza hauek udako atsedenaldiaren aurreko azkenak izango dira: ez da uda aurreko sasoia bukatzeko modu txarra, lagunekin honelako hitzorduak partekatzea.


Iria dantzaria eta Ruben txistularia Bruselatik Koblenzera joan ziren, Agurra jendaurretuz

Gogora dezagun, baita ere, azken bolada honetan Bruselako euskaldunek partaidetza eta konplizitate handia izan dutela Alemaniako Koblenz-en ofizialki abian jarri berria den Txengel Etxea euskal etxearekin. Errepidez 300 bat kilometro daude bi hirien artean eta horrek aukera paregabea eman die Belgikako euskal lagunei, bere lehenengo urratsak ematen ari den euskal etxe gazteari laguntzeko, hala nola apirilaren 26an, Gernikako Bonbardaketaren 89. urteurrenean, egun horretan antolatutako programan partaide izan baitziren, tartean Gernikako Arbolaren kimu bat landatzeko ekitaldian.

- Bruselako Gazteak Instagram-en
- Bruselako Euskal Etxea Instagram-en



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia