euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Vascos en Brandsen': Euskaldunen Boulevard-a bururatu nahi dute, eta loturak estutu, San Fermin prestatu bitartean

2026/05/14

Vascos en Brandsen-eko kideak Bartolomé Mitre Lehen Hezkuntzako 1. zbkiko Eskolan. Corazón de Mandarina Liburutegian bilduta. Kontzeju Deliberatzaileko zinegotziekin batera. Diasporaren eguna `Dr. Frutos Enrique Ortiz´ Udal Museo eta Artxibo Historikoan
Vascos en Brandsen-eko kideak Bartolomé Mitre Lehen Hezkuntzako 1. zbkiko Eskolan. Corazón de Mandarina Liburutegian bilduta. Kontzeju Deliberatzaileko zinegotziekin batera. Diasporaren eguna `Dr. Frutos Enrique Ortiz´ Udal Museo eta Artxibo Historikoan

PUBLIZITATEA

Brandsen, Argentina. Coronel Brandsen herrian aspaldikoa da Euskal Herriko immigrazioaren itzala. XIX. mende amaieratik, euskaldunen presentzia etengabeko motorra izan du Buenos Aires probintziako partidu honek bere garapen sozioekonomiko, kultural eta landa eremukoan. Ekarpen hori eskertzeko, hiriak Mitre kaleko zati bati izena aldatu zion 2023an, Ituzaingó eta Larrea artean, hain zuzen, "Boulevard de los Vascos - Euskaldunen Ibilbidea" inauguratuz. Haren aurrean dago Socobehere etxe historikoa. Eraikin enblematiko hori hotela, "La Cancha" izeneko ostatua eta denetariko denda izan zen garai batean; baita euskal kulturari estu lotutako pertsonaien geltoki ere. Bertan hartu zuen ostatu, adibidez, Guillermo Larregui "Eskorgaren euskaldun" ospetsuak. Etxeak bazuen gainera bere paleta-pilotalekua ere.

Gaur egun, kultura eta hirigintza egitasmo hori guztia osatze lanetan dihardu herriko euskal talde sustatzaileak. Macarena Apaolaza arkitektoak diseinatutako proiektuak pergola berriak eta ikurrina bezalako elementu identitarioak aurreikusten ditu, lore eta zuhaixka zuri, berde eta gorriekin. Administratiboki, espazioaren babesletza sinatzea da hurrengo urratsa. Herriko euskal erreferenteek udalarekin akordioa laster ixtea espero dute, azken lanei ekiteko.

Izan zirelako gara

Hiri-egitasmoak aurrera egin bitartean, kultura-ekitaldiek ez dute etenik. ‘Vascos en Brandsen’ taldeak tinko dirau herriko guneetan, hala nola "Dr. Frutos Enrique Ortiz" Museo eta Artxibo Historikoan. Proiektuari eta euskal kulturari buruzko hitzaldiak ematen dituzte bertan. Plaza Elvio Gonzálezen dagoen Corazón de Mandarina liburutegian ere finkatzen ari dira datorren hitzordua; hantxe, laster haritz bat landatzeko asmoa dute, euskal sustraien iraunkortasunaren ikur. Halaber, taldearen lana ikasgeletaraino iristen da. Eskola-ume, zuzendaritza eta irakasleentzako saioetan, Euskal Herriko geografia, historia eta immigrazioa jorratzen dituzte. Izan ere, inguruko kale, estantzia eta abizenen jatorria azalduz, ikasleek euren sustraiekiko lotura hobeto ulertzea baitute helburu. "Legatu honen inguruko kontzientzia piztea da gure asmoa", dio Cristina Juliarena ikertzaile eta proiektuaren bultzatzaileak. Juliarena eskualdeko euskal familiei buruzko bigarren liburua ari da idazten jada.

Jaialdi tradizionalek ere badute beren lekua, eta taldeak dagoeneko San Fermin ospakizuna antolatzen ari da uztailaren 12rako. Ekitaldi sozial eta gastronomikoa izango da. Boulevard-a amaitzear dagoela, eta ikerketa historikoa martxan dagoela, Brandseneko komunitateak duela mende bat baino gehiago Buenos Airesko lur hauek beren etorkizuna eraikitzeko aukeratu zituztenen legatua bizirik mantentzen jarraitzen du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia