euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Liburu argentinar batek CABA eta Buenos Aires probintziako 'Guernica'k arakatu ditu; aipu berezia euskal tokientzat

2026/05/13

‘Guernicas del lado de acá. Itinerancias y resignificaciones del cuadro de Picasso en Argentina’ liburuan apirilaren 29an kaleratu du UNLPk
‘Guernicas del lado de acá. Itinerancias y resignificaciones del cuadro de Picasso en Argentina’ liburuan apirilaren 29an kaleratu du UNLPk

PUBLIZITATEA

La Plata, Argentina.Guernicas del lado de acá. Itinerancias y resignificaciones del cuadro de Picasso en Argentina’ (Guernica-k hemengo aldean. Picassoren koadroaren ibiltaritza eta esanahi berriak Argentinan) du izena Raquel Macciuci La Platako Unibertsitateko doktoreak argitaratutako liburuak. Idazlanak Argentinan eragin handia izan zuten bi oinarri izan ditu: batetik Gernikak 1937an pairatutako sarraskia eta bestetik Pariseko Nazioarteko Azokarako Pablo Picassok margotutako olio-pintura. Hortik abiatuta, “artista malagarraren pinturarik politikoen”aren erreprodukzioak bilatzen ditu adituak Buenos Aires hiriburuan, Buenos Aires Handian eta Buenos Aires probintzian.

Egileak azalduta, “Liburuaren helburua ez da Buenos Airesen dauden kopien –fidelen edo moldatuen– inbentario zehatza egitea baizik eta bakoitzaren historia aztertzea. Zer esanahi berri dituzten une historiko berrietan; zeintzuk izan ziren margotzeko arrazoiak eta ea indibidualak edo kolektiboak izan ziren; eta zein lekutan ezarri zituzten, oro har espazio publikoetan baina baita erdi publikoak edo pribatuak direnetan ere”.

Guernicak euskal tokietan eta kalean

Macciuciren testuak lau kapitulu ditu eta koadroaren ibilbidea jorratzen du, “Parisetik Madrilera, New Yorketik pasatuz”. Ibilbide horrek, Picassoren margolanak zergatik dituen  Atlantikoaren alde honetan hainbeste kopia (eta non, eta nolatan...) ere azaltzen du. Azpimarratzekoa da hirugarren kapituluan euskal tokiek duten aipamena, bereziki La Platako Euzko Etxeak eta eskualdeko euskal jatetxeek.

Horrez gain, “Kartografia metropolitarrak: CABA eta AMBA” izeneko pasartean 'Guernica' islatzen duten hormirudiei buruzko informazioa eskaintzen du Macciucik, argazki bilduma handi batekin, Buenos Airesen (CABA) eta hiriburuaren inguruko auzo eta herrietan (AMBA) dauden muralak ezagutzeko.

Guernicas del lado de acá. Itinerancias y resignificaciones del cuadro de Picasso en Argentina’ liburua apirilaren 29an kaleratu zuen UNLPko argitaletxea den EDULPek, Industrias Culturales bilduman, PDF formatuan. Eskuratzea doakoa da eta esteka honetatik jaitsi daiteke.



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia