euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako euskal etxeek Apirilaren 26a gogoratu zuten hitzaldi, haritz landaketa, mural eta ekintza hunkigarriekin

2026/05/04

Ekitaldia Mar del Platako San Martin Plazan, Maipuko "Gernika" muralaren inaugurazioa, Chivilcoyko Euskal Etxearen aurrean Gernika Plazatxoan kimuaren landatzea, Llavalloleko Euskal Echea Ikastetxean jardunaldia
Ekitaldia Mar del Platako San Martin Plazan, Maipuko "Gernika" muralaren inaugurazioa, Chivilcoyko Euskal Etxearen aurrean Gernika Plazatxoan kimuaren landatzea, Llavalloleko Euskal Echea Ikastetxean jardunaldia

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Urteroko legez apiril hondarrean, Argentinako euskal komunitatea buru-belarri murgildu da Gernikako Bonbardaketaren urteurrena oroitzera, dela euskal etxeetan, plazetan edota sare sozialetan. Herrialde osoko txokoetan dauden Arbolaren ondorengoek berebiziko garrantzia izan dute aurten ere, bakearen balio eta ikurren bizitasuna ardatz. Hona ekitaldietako batzuk. Esaterako, Mar del Platan, Denak Bat-eko kideak Plaza San Martinen bildu ziren aurresku hunkigarri bat eta lore-eskaintza egiteko, Patxi Valencia lehendakaria buru zutela. General Rodriguezen, berriz, Eusko Aterpea-ko erreferente Kika Vicentek herri sinboloaren historia gogorarazi zuen herriko haritzaren aurrean, denek batera Gernikako Arbola ereserkia abestu aurretik.

Aurten, gainera, oroimenak ondare bizia utzi du Diasporaren mapan, bi kimu berri landatu baitituzte. Apirilaren 26an, Chivilcoyko Beti Aurrerak bere alea landatu zuen Gernika Plazatxoan, euskal etxearentzat erreferentzia-sinbolo berri bat sortuz. Bestalde, Olavarriako Gure Etxe Maiteak maiatzaren 1eko jardunaldia baliatu zuen bere kimua landatzeko. Alsina eta Irigoyen kaleen kantoian dagoen egoitzaren aurrealdean jarri dute eta izen esanguratsua eman diote: "Bakearen Haritza".

Arlo akademikoak eta artistikoak ere tarte zabala izan dute Gernika gogoratzeko orduan. Buenos Airesen, esaterako, Teresa de Zavaletak eta Gernika Batzordeko kideek klase ireki bat eskaini zuten Euskaltzaleak-en egoitzan. Comodoro Rivadavian, José Dias Gonçalves irakasleak aztertu zuen Picassoren maisulana, salaketa-oihu gisa aurkeztuz. Necochean, berriz, bisitari asko bildu zen Euzko Etxearen erakusketa interaktiboan, eta bertako dantzari talde guztiek bisitatu zuten. Era berean, Llavallolgo Euskal Echea ikastetxeak bere hezkuntza-tradizioari eutsi zion: kantuak, dantzak eta sormen-lanak uztartu zituten eskola-komunitate osoaren aurrean.

 
Necochean, gaztetxoenek erakusketa interaktiboa bisitatu dute

 
Lore zuriz osatutako ildo bat Tres Arroyoseko muralean bakearen alde egiteko

Bonbardaketaren ikonografia hirietako hormetara ere iritsi da aurten. Tres Arroyosen, Hiru Erreka euskal etxeak zeremonia hunkigarria egin zuen Plaza Vascan. Dantzari gazte batek lore zuriak utzi zituen Picassoren lana gogora dakarren muralaren oinean, bake-deia eta kontzientzia-hazia irudikatuz. Maipun, Udalarekin elkarlanean. Anaitasuna euskal etxeak, Esteban Dufur artistak egindako "Guernica"-ren murala inauguratu zuen ondoko igandean. Ekimen honekin, elkarteak, bere 50, urteurrenean, mende erdiko historian memoriarekin duen konpromisoa berretsi du.

Ekitaldi asko egin badira ere, hitzordu garrantzitsu batzuk geratzen dira oraindik. Cordoba hirian, Gerora Kultura Elkarteak Picassoren obraren inguruko hitzaldi-eztabaida antolatu du datorren larunbaterako, maiatzaren 9an. Saioa Paseo de las Artes Kultur Zentroan izango da, arratsaldeko 18etan. Ana Sol Alderetek gidatuko du solasaldia, margolanaren indarra eta agiri historiko gisa duen balioa aztertzeko. 1937ko tragediak gaur egungo gizarteari egiten dizkion galderak izango dira hausnarketarako bide.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia