Bordele, Frantzia. 2025eko edizioak lortutako arrakastak bultzaturik, Bordaleko Euskal Etxeak Place du Palais inguruko dendariekin batera, “Nos Terrasses en Fête” (Gure terrazak festan) jaialdia ari da prestatzen datorren ekainaren 6rako. Festa Euskal Etxearen terrazan eta auzoko kaleetan izango da eta, antolatzaileen esanetan, “Baionako pestetarako prestatzen hasteko aukera bikaina!” izango da. Hona “Nos Terrasses en Fête” jaialdiak izango duen egitaraua Euskal Etxeko terrazari dagokionez:
- 16:00etan, Animazioa, dantzak, musika eta euskal kantak
- 20:00etan, LAPATINAren kontzertua
- 22:00, Dia Radio DJa
Baina gehiago itxaron behar izan gabe, Euskal Etxeko terraza zabalik eta ekimentsu dabil dagoeneko. Gogora dezagun joan den larunbatean, apirilaren 25ean, bi euskal bandak jo zutela bertan, Euskaldunen Plazan: Tristtan Mourguy musikari donibandarra buru duen ‘Murgi’k eta Xabi eta Beñat Biscay anaiek osatzen duten ‘Ixabe’k, hauek ere Donibane Lohizunekoak. Udako Kontzertuen zikloak ekainaren 21ean jarraituko du, Baionako Bacano taldearen zuzenekoarekin. Egun berean eta kontzertuaz gain, mutxiko tailerrak emango dira eta beste hainbat animazio eskainiko ditu bertako Kantuz taldeak.

Maureen Boigen aditua Bordaleko Euskal Etxeko Geneologia tailerrean, apirilean
Bestela ere, eta Euskal Etxeak bere urteko kultura programaren baitan garatzen dituen proposamenen artean, segimendu berezia daukate besteak beste dantzak, kantatzeak eta musak. Irekita dago, egon ere, mus eskola eta saioetan arte hartzeko aukera (interesatuek mus@maisonbasque.org helbidera idatzi), muslari hasiberrientzat zein dagoeneko eskarmentua daukatenentzat. Egutegian gainera bi topaketa berezi gertu dituzte muslariek: maiatzaren 21ean eta ekainaren 19an.
Genealogiaren inguruko ikerketek ere badute lekua Bordaleko Euskal Etxean eta apirileko saioan psikogenealogia eta konstelazioak lantzen dituen Maureen Boigen-ek hartu zuen parte genealogia tailerrean, terapia trangenerazionalak eta konstelazio familiarrak hizpide. Hamabost bat lagun bildu ziren aditua entzuteko eta galderak eta testigantzak ekarri zituzten, interes handiz segituz oro har saioa.
- Bordaleko Euskal Etxea Instagram-en, maisonbasquedebordeaux

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


