Donostia-San Sebastián. "Euskal Berdintasunerako Etxeak-Berdintasunerako Eskola" izeneko ekimena Euskal Etxeei tresnak ematearren sortu zuen Emakundek, "gizarte justu, ez diskriminatzaile eta berdinzale baterantz aurrera egiteko dauden oztopoak kentzen laguntzeko". Proiektutik beretik azaltzen duenez, “euskal etxeetatik aurrerapausoak eman ditzakegu arlo horretan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin dugun konpromisoa agerian uzteko erakundearen printzipioen eta balioen barruan txertatzeko”. Helburu horrekin, euskal etxeen kudeaketan eta baita euskal etxeek antolatzen dituzten ekintzetan ere berditasuna sustatzeko hainbat tresna eskaintzen dira Euskal Berdintasunerako Etxeak-en bidez.
Testuinguru honetan, gomendioak partekatzeko dinamika berri bat estreinatu berri du aste honetan Euskal Berdintasunerako Etxeak-ek bere sareetan. “Berdintasunari buruz hausnartzera gonbidatzen gaituzten liburu, film, abesti, podcast eta bestelako lanen gomendioak partekatu nahi duenak ‘Kulturgune’ delako atal berria du”, gonbidatzen dute arduradunek. Alegia, berdintasunaren bidean lagungarri izan daitezkeen obra eta tresnak topatzen badituzu, 'Kulturgune'k aukera ematen dizu, bertara idatzi eta gomendatu edo informazioa partekatu dezazun, eta zeuk ere beste lagun batzuek utzitako gomendioak irakurri eta agian jarrai ditzazun, elkarren aberasgarri.
Atala Saioa Azpirotz-ek estreinatu du Bruselatik 'Kulturgune', “20.000 erle-espezie” filma gomendatuz. 2023ko pelikula hau Estibaliz Urresola zuzendariarena da (zuzendari berriaren Goya Saria irabazi zuen Urresolak pelikula honengatik), haurtzaroan genero identitatearen gaia jorratzen du eta ETBko Primeran Plataforman ikus daiteke, hemen. ‘Kulturgune’ atal berria Euskal Berdintasunerako Etxeak-en Instagram kontuan dago ikusgai. Bertan utzi daitezke gomendioak.
Baliabide gehiago berdintasunaren alde
"Euskal Berdintasunerako Etxea-Berdintasunerako Eskola"ren webgunean proiektuari buruzko informazioa topa daiteke eta horrekin batera beste hainbat tresna eta baliabide, euskal etxeetan erabil daitezkeenak. Horretaz gain, eta beste zerbitzu batzuen artean, gaiarekin lotura duten ekintzen agenda eskaintzen da eta ‘Berdin Bla’ buletin digitalaren orain arte argitaratutako zenbakiak ere. Irakurri buletinak hemen.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



