euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ziortza Olanok AEB bisitatu eta bira laburra egingo du euskal etxeetan Lege Berriaz mintzatu eta proposamenak biltzeko

2026/05/15

New York izango da Ziortza Olanok (laukian) bere biran bisitatuko duen lehen hiria. Irudian, New Yorkeko Euzko Etxearen sarrera
New York izango da Ziortza Olanok (laukian) bere biran bisitatuko duen lehen hiria. Irudian, New Yorkeko Euzko Etxearen sarrera

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Ziortza Olano Astigarraga igande honetan abiatuko da Euskal Herritik bere bulegoko Benan Oregi teknikaria lagun bisita bat egiteko AEBko zenbait euskal etxe eta komunitatetara, prestatze bidea hasia duen "Diasporaren Legea" deitua denari buruz informazioa eman eta ekarpenak biltzearren, baita lankide izan daitezkeen proiektu eta eragileekin biltzeko ere, besteak beste. New York izango dute euren lehenengo geralekua. Bertan Euskadiren AEB eta Kanadako ordezkari Conchi Aranguren Laflin-ek egingo die harrera, hortik aurrera hiruek egingo dutelarik New Yorkez gain, Nevada, Idaho eta Kalifornia helburu izango dituen ostera, bisita politiko batzuk ere tarteko.

New Yorken, bertako euskal komunitate eta euskal etxeko ordezkariekin bilduko dira. Gogora dezagun Euzko Etxea of New York herrialdeko euskal etxe zaharrena dela, 1913an sortua, eta abenduan hautatu zuela bere egungo presidentea, Jagoba Angulo bilbotarra. Astebeteko bidaia izanik, oso denbora gutxi eman ahal izango dituzte leku bakoitzean. Kasu honetan astearte goizean abiatuko dira hurrengo geltokia izango duten Renora, Nevadan. Renon, UNR Unibertsitateko CBS (Basque Studies Center) eta Euskal Liburutegia bisitatuko dituzte. Liburutegiak aurkeztu duen Lertxun Marren proiektua izango dute, besteak beste, solasgai, baita CBSko azken aldaketak ere.

Gardnervillen

Renotik berrogeita hamar minutura dagoen Gardnerville herrira ere joango dira, eta bertan, NABOk, Sancho de Beurko elkarte bilbotarrak, hiriko Mendiko Euskaldun Cluba euskal etxeak eta Gardnervilleko Udalak elkarrekin daramaten "Bigarren Mundu Gerrako Euskal Beteranoen Monumentu Nazionala" eraikitzeko hautatutako lursail eta parkea ezagutuko dute. NABO Estatu Batuetako euskal erakundeen federazioak esku artean duen proiekturik garrantzitsuena da hau, erronka bat, baina gakotzat kontsideratzen duena, azken urratsak emateko oraindik sostengu eta laguntza bila.

Idaho eta Boise izango dute ondoko geltokia, bertako komunitatearekin eta erakundeekin batuko direla. Basque Block ere bisitatuko dute, Euskal Etxeko eta Euskal Museoko buruzagiekin ere bilduz, hemen ere proiektuak solasgai eta kontaktuekin, "Diasporaren Legea" ere azalgai. Azkeneko urratsa Kaliforniako Bakersfield izango da, bertako euskal komunitateak izan ere asteburu horretan ospatuko du bere urteroko Euskal Besta. Kern County Basque Club euskal etxeko buruzagiekin eta Euskal Ikasketak dituen CSUB unibertsitatekoekin arituko dira, Legea ere mintzagai. Igandean hartuko dute itzultzeko hegazkina.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia