Mendoza, Argentina. Hogeita lau urteko itxaronaldiaren ostean, Argentina bilakatu da berriz ere aurten Esku Pilotako Munduko Txapelketaren agertoki, eta Mendoza hiria euskal selekzioaren garaipen gogoangarriaren lekuko izan da. Apirilaren 6tik 12ra, Club Mendoza de Regatas elkarteak 200 pilotari baino gehiago hartu ditu bere instalazioetan. Bertan, maila handiko norgehiagoka eta kultura-truke aberasgarria uztartu dira, Argentina, Txile, Kolonbia, Ekuador, Euskadi, Frantzia, Holanda, Italia, Puerto Rico, Erresuma Batua, Valentziako Selekzioa eta Venezuelako ordezkaritzek jokatutako txapelketa bizian.
Goi-mailako 22 kirolarik osatutako taldearekin, Euskal Selekzioak bere nagusitasuna berretsi du Nazioarteko Esku Pilota Konfederazioa (CIJB) antolatzaile izan duen XII. Munduko Txapelketa Absolutuan, txapeldun titulua eskuratuta. Kategoria guztietan lehiatu dira euskal pilotariak: One Wall, Llargues, 4 Pareta eta Nazioarteko Jokoan, emakume zein gizonetan. Guztira 50 partida jokatuta, zazpi finaletara iritsi eta zortzi podio lortu dituzte: urrezko 4 domina, zilarrezko 3 eta brontzezko bat.
Aberri Eguna eta hitzaldia Mendozako Denak Bat-en
Sara Pagola (laugarrena ezkerretik azken lerroan) Euskal Selekzioarekin Mendozako Denak Bat Euskal Etxean
Kiroletik harago, Mendozako hitzordua Atlantikoaren bi aldeetako euskaldunen arteko loturak estutzeko une egokia izan da. Apirilaren 5ean, igandean, taldea Denak Bat Euskal Etxera bertaratu zen diasporako lagunekin batera Aberri Eguna ospatzearren. Agenda kulturala ostegun arratsaldean osatu zen, Euskadiko Pilota Federazioko presidente Joxemari Mitxelenak 'Euskal Pilotaren jatorria' izenpean emandako hitzaldiarekin. Selekzioak babes instituzional zabala izan du: bertan ziren Euskadiren Argentina eta Uruguairako ordezkari Sara Pagola Aizpiri, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Ziortza Olano Astigarraga, Kanpo Harremanen eta Organismo Multilateralen zuzendari Asier Areitio Ibarlucea eta Benan Oregi Iñurrieta teknikaria.
Asier Areitio, Benan Oregi, Mendozako Euskal Etxeko lehendakari Javier Salvarredi eta Ziortza Olano Astigarraga
Garaipenaren protagonistak
Guztira 31 laguneko taldea izan da Mendozan. Honako hauek izan dira jokalariak: Olatz Arrizabalaga, Itxaso Erasun, Amaia Alday, Ainhoa Ruiz de Infante, Miren Larrarte, Nora Mendizabal, Naroa Agirre, Madalen Etxegarai, Enara Gaminde, Onintza Galdos, Alize Sagardui, Pantxoa Valencia, Egoitz Amantegi, Mikel Beldarrain, Kepa Albizu, Gaizka Iruretagoiena, Mikel Aurrekoetxea, Lur Ziarrusta, Lier Arrien, Aner Iglesias, Ibai Arroitajauregi eta Manex Etxeberri. Lan-talde teknikoko partaide, berriz, Iñaki Esnal, Ibai Erauzkin, Patri Espinar eta Eneko Uribe, baita Ander Aranzabal fisioterapeuta ere.
Zorionak, txapeldunak!

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



