Trelew, Argentina. Chubuteko Haraneko Euskal Etxea aurrera ari da Trelewko gizartean bere lekua sendotzeko ahaleginean, eta bide horretan bi lankidetza hitzarmen garrantzitsu izenpetu berri ditu. Herriko eta probintziako erakundeekin harremanak estutzeko asmoari jarraiki, Trelewko Udaleko Kultura Zuzendaritzarekin eta Agustín Álvarez Liburutegi Herrikoi historikoarekin adostu ditu elkarlanerako baldintzak. Ekimen hauek baliabideak hobeto aprobetxatzea dute helburu, euskal kulturaren eta Chubuteko komunitatearen arteko topagune berriak sortzearekin batera.
Agustín Álvarez Liburutegiarekin —hiriko zaharrena, Fontana eta San Martin kaleen bidegurutzean kokatua— lortutako akordioari esker, Euskal Etxeak bertara eramango du bere liburu funtsa. Horrela, Euskal Herriko kultura, euskara, politika zein ekonomiari buruzko saila izango du liburutegiak, herritar ororen eskura. Horrez gain, liburutegiaren egoitza euskara eskolak, hitzaldiak eta bestelako kultur ekintzak burutzeko gune gisa baliatu ahal izango du Euskal Etxeak. Trukean, Haraneko Euskal Etxeak San Martin auzoko bere egoitzaren ateak zabalduko dizkio liburutegiari, bertan ere gizarte eta kultura ekitaldiak antolatu ahal izan ditzan hiriko auzo hartan.
Lankidetza elkarren lagungarri
Bestalde, Udaleko Kultura Zuzendaritzarekin sinatutako hitzarmenak auzo-bizitzaren ardatz bihurtuko du Euskal Etxearen egoitza. Lankidetza honi esker, bi erakundeek elkarrekin antolatutako tailerrak eta ekitaldiak egingo dira bertan. Hitzarmenaren lehen emaitza berehalakoa izango da. Folklore tailer bat jarriko dute martxan, herri-dantzak oinarri, Euskal Etxeak bi kulturen nortasuna eta tradizioak uztartzeko duen konpromiso sendoa agerian uztiz.
Hori, hori Haraneko Euskal Etxea!

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


