Senpere, Lapurdi. Hego Amerikako euskaldunek, ikasleek zein irakasleek, berriro ere kokatu dute Diasporako euskara ‘Hatsaren Poesia’ Olerki Bilduman. Argentinako, Uruguaiko eta Txileko idazleen partaidetza hau Jalgi Hadi Mundura Elkartearen eskutik gauzatu da aurten ere gehien bat. Iizan ere, 2026ko ‘Hatsaren Poesia’ liburuan idatzi duten Diasporako euskaldunak, munduko hainbat tokitik euskaraz mintzatzeko elkarretaratze birtualak antolatzen dituen elkarte honetako kideak dira.
‘Hatsaren Poesia’ liburuaren aurkezpena apirilaren 12an egin zen Senpereko Ur‑Hegian Etxean eta lagun ugari bildu zituen, tartean olerkien egileetako batzuk –127 lagunek hartu zuten parte liburua sortzeko prozesuan eta horietarik 40 bat bertaratu ahal izan ziren ekitaldira– eta Senpereko alkateak berak, Christophe Jaureguy-k eman zien ongietorria. Aurkezpenari hasiera emateko, liburuaren poemen biltzaile eta editore izan den Ainara Maiak hartu zuen hitza. Ondoren, Jokin Mitxelena aurtengo azalaren egileak liburuaren irudi‑proposamena azaldu zuen, “poesia hitzez ez ezik irudiz ere adieraz daitekeela” baitetsiz.
Marisa Arruabarrena irakasle eta poeta oriotarrak bere aldetik, liburuak daraman sar‑hitza irakurri zuen, aurten berari idaztea egokitu zaiona, eta bukatzeko, idazle ezaguna, ohorezko euskaltzaina eta bertaratukoen artean seguruenik beteranoena izan zen Auxtin Zamora, hunkiturik, ‘Hatsaren Poesia’ proiektuaren garrantzia goraipaturik. Aurkezpen ekitaldia bururatuta, bildutakoek hamaiketakoa eta bazkaria partekatu zituzten eta arratsaldepasa ederra eman zuten elkarrekin, musika, kanta eta poesia giroa lagun.
Diasporako bost egile
‘Hatsaren Poesia’ Olerki Bilduma bere 28. zenbakira iritsi da aurten eta Diasporako bost egileren obrak biltzen ditu. David Birenbaum montevideotarra da, nahiz eta Buenos Airesen bizi den aspalditik; literatura irakaslea, poeta eta euskara ikaslea da Euskaltzaleak-en. Sol Cicero Buenos Aireskoa da, medikua, eta berak ere Euskaltlzakeak-en ikasten du, edo trebatzen da. Álvaro Montes de Oca txiletarra Santiagokoa da, zinemagilea eta Euskara Munduan programan trebatu zen irakasle. Leonat Egiazabal uruguaitarra historia eta euskara irakaslea da eta hiriburu uruguaitarreko Aldaxka Elkartearen sortzaileetako bat. Andrea Bella uruguaitarra, azkenik, Euskara Munduan programan trebatutakoa bera ere, Euskal Herrian bizi da oraintxe. Iaz “Euskara eta biok” liburua argitaratu zuen.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



