euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Las Floresko Loretako Euskaldunak: jai handi bat eta ikurrina Euskal Herria Plazako mastan, 30 urteko historiari gorazarre

2026/04/14

Bere 30. urteurrenean, Loretako Euskaldunak EEak festa handi batekin ospatu zuen, dantzari taldeak girotuta, eta ikurrina eta argentinarra Euskal Herria Plazan lehen aldiz altxatuz, Blanstein intendentearekin batera
Bere 30. urteurrenean, Loretako Euskaldunak EEak festa handi batekin ospatu zuen, dantzari taldeak girotuta, eta ikurrina eta argentinarra Euskal Herria Plazan lehen aldiz altxatuz, Blanstein intendentearekin batera

PUBLIZITATEA

Las Flores, Argentina. Las Floresko Loretako Euskaldunak euskal etxeak 30 urteko ibilbidea ospatu du, elkarteari aitortza eta dantzaren poza uztartu zituen urteurreneko afari handi batean. Belaunaldi guztietako dantzariak aritu ziren jauzi eta polketan Tatiana Iparraguirre zuzendari; euren gogo biziari esker, gonbidatuek ere bat egin zuten dantzetan dantzariekin jai giro ederraren adierazgarri. Topaketa, xarmanta izan zen eta gogora ekarri ziren EEaren sorreraz geroztik lehendakari izandakoak: Pablo Iparraguirre (Emma Iparraguirre bilobak jaso zuen oroigarria), Marta Artola, Mónica L. Arrazubieta, Federico E. Inchauspe eta egungo Graciana Goicoechandia. Urte hauetan guztietan Udalarekin atxikitako elkarlana eta lankidetza azpimarratzeko, herriko intendente ohiak ere gerturatu eta parte hartu zuten ekitaldian, esan nahi baita Antonio U. Lizarraga eta Alberto C. Gelené, eta egungo lehen agintari Fabián Blanstein, eurak emanez eman oroigarriak lehendakari ohiei.

Jai gogoak, ordea, eta lanerako asmoak, bizirik dirau bazkideen artean. Izan ere, hainbat urtetako itxaronaldiaren ostean, gauzatzen ikusi dute eta egia bihurtu da ikurrina eta argentinar bandera nazionala Euskal Herria Plazako mastetan batera ikusteko ametsa. Joan den larunbateko goizean izan zen, apirilaren 11an, Aberri Eguneko ospakizunen barruan, Las Floresko euskal komunitateko kideak, herritarrak eta udal agintariak bertan zirela, Alcorta eta Rosario Vera kaleen bidegurutzean, txalotu ere txalotzeko Argentinako bandera eta ikurrina lehen aldiz modu ofizialean bertan mastaratzea. Gogora dezagun Euskal Herria Plazak Concejo Deliberante-aren aho batezko onespenez hartu zuela izen hau 3352/2021 ordenantza medio.


Bamnderak mastaratzeko ekitaldia (Las Flores TV)

Euskal Etxeko lehendakari eta plaza sortzeko proiektuaren bultzatzaile den Graciana Goicoechandiak eman zien ongietorria bertaratutakoei. Elkartearen ibilbidea eta herrian duen txertatzea izan zituen hizpide. Bere txandan, Pablo Arrua EEko zuzendaritzako kideak plazaren oinarrian dauden nortasun printzipioak azaldu zituen. Blanstein intendenteak, berriz, gonbidapena eskertu eta elkarrekin egindako lan emankorra goraipatu zuen. Ondoren, alkateak eta Goicoechandiak Argentinako bandera eta ikurriña altxatu zituzten, hurrenez hurren, herriko agintarien eta bazkide erreferenteen aurrean. Bertan izan ziren, besteak beste, egoitzaren emaile diren Paulo “Lito” Vidaurreta eta Otilia Vidaurreta, eta Federico Inchauspe lehendakari ohia, plaza eta gune berde berriaren diseinatzailea.

Zorionak Loretako Euskaldunak!



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia