euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aberri Eguna ospatu-eta, Limako Euskal Etxeak Diasporaren historian bizi sakondu zuen 'Amerikanuak'en eskutik

2026/04/14

Limako Euskal Etxeko lagunek Pachacámac herrian ospatu zuten 2026ko Aberri Eguna
Limako Euskal Etxeko lagunek Pachacámac herrian ospatu zuten 2026ko Aberri Eguna

PUBLIZITATEA

Lima, Peru. Hiriburu perutarreko Euskal Etxeko lagunek bi ekitaldirekin ospatu dute azkeneko asteetan bertako gizataldearen euskaltasuna eta hirian eta herrialde osoan euskaldunek utzitako arrastoa. Apirilaren 5ean, Pazko Igandean eta beraz Euskal Herrian Aberri Egunaren ospakizuna egiten den egunean bertan, Aberri Eguneko bazkaria egin zuten Lima ondoko Pachacámac herrian. Bazkarian eta bazkalostean euskal giroa nagusitu zen dantza, kantu eta mus partidei esker, eta ohi bezala, Euskal Etxeak egunari lotutako hitzez agurtu zituen bertaratutakoak, euskaltasuna eta geroari segida aberatsa ematen segitzeko engaiamendua aipatuz.

Ospakizuna erabat arrakastatsua izan zen, bai partaidetza aldetik –60 bat bazkide eta lagun bildu ziren– baita ekitaldian nagusitu zen adiskidetasun eta senidetasun giroari dagokionez ere, "lotua oso ospatzen ari ginen egunerakin", esan digute, eta Euskal Etxeak esker beroak luzatu nahi izan dizkie ekitaldiaz arduratu ziren antolatzaileei zein parte-hartzaileei: “Ezin gara gure lurraldeaz eta jendeaz harroago egon”, adieraziz.

Limako Euskal Etxearen 2026ko Aberri Eguneko ospakizuna

Ondoko astean, apirilaren 9an, joan den ostegunean beraz, elkarretaratzeko aitzakia William Douglass eta Jon Bilbaoren “Amerikanuak” liburuaren azken edizioa aurkeztea izan zen eta liburuak jorratzen duen gaiaz, euskaldunak Amerikara ekarri zituen migrazioaz, mintzatzea. Gogoan behar da izan "Amerikanuak" euskal diaspora gaiari dagokionez Biblia edo liburu fundazional gisa jotzen dela, gai honi buruz gehiago ikasten hasi nahi dutenentzat oinarrizko liburua, eta oro har kontsulta liburu baliagarria oso munduko euskaldunen historiari buruz jakiteko.Iaz bete ziren 50 urte bere lehenengo ediziotik, 1975ean Nevada Renoko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak plazaratua, ingelesez. Eta urteurren horrekin batera, euskarazko edizioa ere aurkeztu zen Durangoko Azokan. Gaztelaniazko edizioa ere badago, agortua.


Asier Hernando Malax-Echevarriak aurkeztu zuen 'Amerikanuak' liburua

Limako Euskal Etxearen hitzordua euskarazko edizioaren karietara antolatu zen eta Asier Hernando Malax-Echevarria bilbotarrak hartu zuen aurkezteko ardura. Hernandok urteak daramatza Perun eta Hego Amerikako gizarte mugimenduekin lan egiten duen ‘Acápacá’ plataformako zuzendaria da. Aurkezpenean eta liburuaren harira, Perun dagoen euskal ondarea nabarmendu zuen euskaldunak, Lope de Aguirre eta Pedro de Ursúa euskal jatorrizko pertsonaien historia azpimarratuz. Gogoratu behar da Perun sortu zela, 1612an, munduan lehenengo sortu zen euskal elkartetzat hartua den Limako Arantzazuko Amaren Anaidia, XIX. mendean lehenengo euskal etxe modernoak sortu aurretik. Egungo Peruko Euskal Etxea ere aitzindaria izan zen, Eusko Jaurlaritzak, Legebiltzarrak Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanak arautzen dituen 8/1994 Legea onartu ostean lehenengo ofizialki onetsi zuen euskal etxea izan baitzen.

Peruko euskal historiaren gaiak eta gure diasporari buruz gehiago jakiteko p`roposamenak interes handia sortu zuen Euskal Etxeko lagunen artean eta Euskal Etxeak dagoeneko iragarri du hitzaldi gehiago antolatuko dituela euskal diasporarentzat hain garrantzitsua den liburua oinarri hartuta urrats berriak ematearren ezagutza horretan.

- Limako Euskal Etxea Instagramen, euskaletxea_lima



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia